BLV ART eta Bilboko Kalealdia irailean eta FANT zemendira atzeratu ditue

Bizkaie! 2020-07-16 11:08   Kulturea

Laster iragarriko ditue atzeratutako beste kultur jarduera eta jaialdi batzuk.

Bilboko Udalak tokiko kultur eragileei laguntzeko COVID-19aren eraginagaitik bertan behera itxi behar izan zituan kultur jarduerak barriro programetan eta hitzorduak ipinten saiatua da.

Bilboko Udala, sektore kulturala babestu guran, COVID-19aren osasun-krisiaren ondorioz bertan behera geratu ziran kultur jarduerak barriro programau eta beharrean dabil; esangura horretan, BLV ART eta Bilboko Kalealdia irailera atzeratu ditue eta Fantasiazko Zinemearen Jaialdia, ostera, zemendira.


BLV ART

Jaialdi hau normalean bagilean egiten da baina aurten irailaren 10etik 20ra izango da. Jaialdian Bilbo Zaharra abangoardiako jarduera eta adierazpen artistikoz beteten da, kulturearen aldeko apustua eginez, eremu hori jorratu eta osorik birgaitzeko elementu dinamizatzaile legez: Antzerkia, jantzak, performanceak, tailer esperimentalak eta bisita gidatuak -galeriatara eta sorkuntza guneetara- irailean egingo dira aurten Bilboko auzo honetan.


Bilboko Kalealdia

Kaleko Antzerki eta Arteen Jaialdia, udea badatorrela ospatzeko urteroko jaialdia da. Kaleko ikuskizunen artean, jantza garaikidea, zirkua, kaleko antzerkia eta clown-ak izaten dira danon gozagarri. Aurten, jaialdia atzeratu eta irailaren 22tik 27ra egingo da. Egun horreetan, bilbotarrek ikusgai izango ditue Estaduko arte eszenikoen arloko konpainia garrantzitsuenetako batzuen ikuskizunak, baita atzerriko proposamenen bat be, Zeharkaldia - Zirkuko Pirinioak proiektu europarraren barruan. Hain zuzen be, Bilboko Udala proiektu horren parte da.


FANT

Apirilean iragarri zan FANT Bilboko Fantasiazko Zinemaldiaren 26. edizinoa nahitaez atzeratu behar zala; aurtengo edizinoa, beraz, zemendiaren 7tik 12ra egingo da. Jaialdiak programazinoari heldu eta ikusleakaz barriro batuko da, izan be, urtarrilean eta zezeilean, hurranez hurran, Domino eta Monos filmen aurrestreinaldiak egin ziran.

Halan da be, Udalak ohartarazo dau jaialdiak barriro iragarri arren, momentuan momentuko osasun-egoerearen pentzura egongo dirala. Bide batez, jakinarazo dabe laster iragarriko dituela atzeratu diran beste kultur jarduera eta jaialdi batzuen hitzorduak.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu