Jai herrikoiak aldarrikatuko ditu Bilboko Konparsak kolektiboak
2020-07-16 09:29 Pil-pileanHitzordua garagarrilaren 18an izango da.
Osasun-krisiak eragotziko dau aurten Konparsakide Eguna normaltasunez egitea. Aste Nagusiari hasierea emoten deutson konparsen arteko ospakizuna izaten da ekimen hori. Halan da be, Bilboko Konparsak kolektiboak jai herrikoiak aldarrikatzeko aukerarik ez dau galdu gura eta datorren zapatuan, garagarrilaren 18an, Bilboko Arenalean jai-eredu herrikoi horren aldarria egiteko batuko dira, beti be osasun-neurriei eutsiz.
Eguerdian, prentsaurrekoa eta arratsalderako kalejira-manifestazioa deitu dabe. Konparsek datozen hile eta urteei begiratzen deutse eta bildur dira aurreko krisietan bezela erakundeek oraingo normaltasun barria eta krisi ekonomikoa erabiliko ete dituen jai herrikoiei murrizketak, trabak eta debekuak ipinteko, eredu parte-hartzailearen kontra jo eta arlo horren pribatizazinoa sustatzeko, osasungintzan, hezkuntzan eta bestelakoetan. Horregaitik, egoerea salatu eta herri mobimentuaren alde agertuko dira, Euskal Herriko jai-eragileak alkarlanera deituta. Alkarlanerako deia da, hain zuzen be, Bilboko Udalari konparsek egingo deutsena, izan be, oraintsuko agerraldian adierazo ebenez, alkarlana, eta ez inposizinoa, oinarrizko baliotzat dabe konparsek. Azken hileotan Bilboko Udalak jarrera zarratua eta inpositiboa darabil baina konparsek alkarlanerako prest jarraitzen dabe; holan, Jai Batzorde Mistoari eustea ezinbestekoa ikusten dabe nahiz eta osasun egoera honetan, 2020ko Aste Nagusia ezingo dan ospatu. Pandemiak sortutako egoera, Bilbok behar dituan jaia, parte-hartzea eta alaitasuna emon gura dabe konparsek, alkar jagotea, osasun-neurriak eta prebentzino-erispideak aplikauta.
Prentsaurreko bat egingo dabe zapatuan, 12:30ean, Arenalean eta Aste Nagusia ospatzen dan egunetarako egitasmo baten barri emongo dabe. Arratsaldean, barriz, kalejira-manifestazinoa izango da, 18:00etan, Arriagan hasita. Aste Nagusiko jai-eremua gogora ekarriko dauen ibilbidea egingo dau kalejireak: Arriaga-Plaza Biribila-Udaletxea-Arenala-Arriaga.
Konparsakide Eguna urtero garagarrilaren erdialdean egiten da. Hitzordu horretan konparsa guztiak Bilboko Arenalean ibilten dira egun osoan, jai-giroan, jan-edanaren laguntzaz: umeak, gazteak eta edadekoak, lapikoak berotuta, pintxo lehiaketaz, bazkariaz eta erromeriaz gozetan. Aurten, jarduera horreek ez dira egingo. Konparsakide Egunak ekarten dau Aste Nagusiaren lehen abisua, jai-eredu herrikoi, euskaldun, parekide eta parte-hartzailearen ikurraren lehen abisua.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!