Getxon abantean datorren astegoienean
2020-07-15 12:45 KirolaGetxoko XLII. Ikurriñea (José Antonio Agirre Lehendakariaren XVI. Omenaldia) jokatuko da.
Aitatu hitzordu horretan, emakumezkoen Euskotren Ligea eta gizonezkoen Eusko Label Ligea jokatuko dira, TKEk antolatuta Getxo Arraun eta Getxo Kirolak-egaz batera. Lehiaketa bikotxa 17:40an hasiko da eta 19:30 aldera amaitzea aurreikusten da. Aurreko urteetan bezela, estropaden eremua Algortako Portu Zaharraren aurrean kokatuko da.
Estropadea 17:40an hasiko da Euskotren Ligako emakumezkoen probeagaz eta bertan lau traineruk hartuko dabe parte. Jarraian, barriz, Eusko Label Ligako gizonezkoen probea jokatuko da, hamabi trainerugaz.
Bien bitartean, gaur, hilak 15, barriz, Orion, Gipuzkoako traineru txapelketea jokatuko da (18:00etan) eta Lekeition Bizkaikoa (19:00etan).
Domekan, garagarrilaren 19an, barriz, Orion hitzordua, eguerdiko 12:00etan: Orioko XXX. Estropadak - VIII. Orio Kanpina Banderea.
KAE 1 eta KAE 2
Aurreko edizinoetan ez bezela, aurten KAE 1 eta 2ko estropadak aurrerago antolatuko dira, abuztuaren 9an, 22an eta 23an, hain zuzen be. Beraz, hiru egun horreetan ikusi ahal izango dogu Getxo Arraun lehian, KAE 1 Ligan. Txapelketa horretan, estropaden eremua Arriluzeko itsasargiaren aurrean kokatuko da.
Covid-19aren osasun-krisia dala eta, proben antolakuntzea ‘zero publikoko ekitaldi’ lez bideratu da, holan, TKEk nahiz Getxo Kirolak-ek txapelketak telebista bidez jarraitzea gomendatzen dabe eta bertan ikustea erabagiten dabenei gogorarazoten deutse beharrezkoa dala babesteko neurri personal guztiak hartzea kutsatzeko arriskua gitxiagotzeko, berbarako maskarea erabiltea eta personen artean 1,5 metroko distantzia jagotea. Era berean, garraio publikoa erabiltea edo oinez hurreratzea gomendatzen da, ibilgailu pribatuak ez erabiltea egun horreetan berez jente asko batzen dalako.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!