Bertan behera geratu da Begoñako ‘Amatxuren’ etxerako gaueko erromesaldia
2020-07-15 12:52 Pil-pileanGoizaldeko 4:00etan eta 5:00etan egiten izan diran mezak be bertan behera itxi ditue.
Abuztuaren 15ean –aurten, zapatuz-, Maria Birjinearen Zeruratzea ospatuko da, urtero lez, Begoñako Basilikan. Hori dala-eta, ospakizun liturgikoetarako ezarritako neurriak zorrotz bete ahal izateko eta basilikearen kanpoaldean jente-pilaketei aurre egiteko, ezohiko hainbat neurri hartu izan da Bilboko Udalagaz koordinauta.
Kontua da ze goizaldeko 4:00etan eta 5:00etan egiten izan diran mezak be bertan behera itxi dituela eta Udalbatzak, gainera, eleizearen kanpoaldean egiten diran ohiko jarduerak bertan behera itxi ditu. Eleizan jente-kopuru mugatua sartu daitekenez, mezaren batean parte hartu gura daben fededunek aurretik izena emotea nahitaezkoa da hemen.
Gauzak holan dirala, garagarrilaren 15etik aurrera, danetara, 8 meza ospatuko dira, bat, bezperan, abuztuaren 14an, barikuz, arratsaldeko zazpietan, eta zazpi zapatuz: 6:00etan, 8:00etan, 10:00etan, 12:00etan (Meza Nagusia), goizez, eta arratsaldez, 16:00etan, 18:00etan eta 20:00etan.
Eleizan 255 lagun sartu daitekez; aldez aurretik izena emon beharko dabe eta egunean bertan ezinbestez NANa aurkeztu nortasuna ziurtatzeko. Ospakizun bakotxa hasi baino ordu erdi aurretik zabalduko dan aldameneko atetik, Gotzaitegirako sarrerako burdin hesia dagoan lekutik, sartuko dira.
Ospakizun bakotxaren ostean, eleizea desinfektau egingo da.
Gotzaina buru izango da eguerdiko 12:00etan ospatuko dan Meza Nagusian eta Bilboko alkatea eta beste hainbat agintarik parte hartuko dau. Lehenengo aldiz, Udalak bertan behera itxi behar izan dau Begoñako Aurreskua, udalburuak Bizkaiko Zaindariaren tenpluaren ondoan batutako herritarrei zuzentzen eutsen omenezko ekitaldia, hildako Jon Pertika jantzari bilbotarrak 90eko hamarkadearen hasieran berreskuratu eta 1995etik ekitaldi tradizional handien egutegian txertatu dana.
Abuztuaren 15ean, eleiz ataria zabalik egongo da egun osoan, errezau edo ‘Amatxuri’ bisitea egin gura deutsenek eleizara sartu barik aukerea izan deien.
Aurten, COVID-19 pandemia dala-eta, Birjinearen Zeruratzearen eguna desbardin ospatuko da Begoñan, Bizkaiko zaindariaren bizileku izanda, aparteko esanguraz bizi izaten dan lekuan. Goizaldeko lauetan hasita, orduoro ospatu izan diran mezak ordu birik behin ospatuko dira orain. Bertan behera geratu dira goizaldeko lauetako eta bostetako mezak, Bizkaiko hainbat lekutatik, gehienak oinez, erromes heltzen zan makina bat fededun bertan zala ospatzen ziranak. Abuztuaren 15eko lehenengo mezea goizeko seietan ospatuko da.
Fededunak eukaristietan baino ez dira sartuko eleiza barrura, baina eleiz ataria zabalik egongo da egun osoz abuztuaren 15ean. Eremu Publikorako Bilboko Udaleko sailak jarriko ditu ezinbesteko neurriak basilikearen kanpoaldean errenkadak antolatzeko eta jente-pilaketak ebitetako. Begoñako Kofradiak laguntzea eskainiko deutso parrokiari antolaketearen inguruko hainbat gauzatan eta barri emoteko postua jarriko dau eleizearen inguruan.
Mezak komunikabideetan
Eukaristia guztiak stremingez eskainiko dira Eleizbarrutiaren webgunean: www.bizkeliza.org Begoñara joan ezin daben edo joaterik gura ez daben guztiek zuzenean jarraitu deiezan. Bizkaia Irratia eta Radio Popular-Herri Irratia eleizbarrutiko irratiek zuzenean emongo ditue goizeko 10:00etako eta eguerdiko 12:00etako mezak. Telebilbao kateak be On Mario Izeta gotzaina buru dala eta Bilboko alkartea eta udalbatzako hainbat kide bertan dirala ospatuko dan 12:00etako Meza Nagusia emongo dau.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!