María Josefa Huarteren Bildumea Bilboko Arte Eder Museoan

Bizkaie! 2020-07-14 13:50   Kulturea

2020ko garagarrilaren 15etik urriaren 12ra egongo dira ikusgai.

Uda honetan, Bilboko Arte Ederren Museoko bisitariek María Josefa Huarte Bildumaz gozau ahal izango dabe, Nafarroako Unibersidadea Museoaren eskuzabaltasunari eta Petronor-en babesari esker.

Kontuak kontu, gure ingurune kulturaleko bildumagintza pribatuaren adibiderik adierazgarrienetako bat da bildumea.

47 artelanek osotzen dabe bildumea –horreetatik 40 Bilboko museoan dagoz ikusgai– eta, besteak beste, Jorge Oteizaren, Pablo Palazueloren eta Antoni Tàpiesen obra-multzo esanguratsuak dagoz, bai piezen kalidadeagaitik, bai hiru sortzaileen garapena erakusten dabelako. Horreez gan, entzute handiko 19 artistaren lanak dagoz, esate baterako: Pablo Picasso, Mark Rothko, Vasili Kandinsky, Eduardo Chillida, Eusebio Sempere eta Manuel Millaresenak.

2008an, bilduma dohaintzan emon eutsen Nafarroako Unibersidadeari; horrek eragin eban erakunde horri erantsitako museoaren sorrerea, Rafael Moneo arkitektoak (Tutera, Nafarroa, 1937) diseinau eban eta 2015eko urtarrilean inaugurau zan.


María Josefa Huarte

María Josefa Huarte Beaumont (Iruñea, 1927-2015) Madrilen kokatutako nafar enpresarien familia batean jaio zan eta familiaren mezenasgo artistikoak garaiko proposamen barritzaileenetako zenbait bultzatu zituan –besteak beste, Oteizaren Asmo esperimentala, Nueva Forma aldizkaria, Alea taldea edo 1972ko Iruñeko Topaketak–. María Josefa Huartek berrogeita hamarreko hamarkadearen hasieran ekin eutson bere bildumeari, jokera abstraktu geometriko eta informalistak lehenetsiz. Haren bildumearen berezitasuna da, haren aitak eta nebek egin eben bildumagintzearen barruan txertatzen dan arren, María Josefak bere gustu personalari eta zenbait autore eta formeagazko gustu personalari jarraitu eutsola bere bildumea sortzean; prestakuntzea modu autodidaktan jaso eban, galeria eta artisten estudioetara joanez.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu