Skateko bikaintasun-proiektua jarri dabe martxan

Bizkaie! 2020-07-10 08:14   Kirola

Ian Ponciano, Alain Kortabitarte, Iraia Escobar eta Naia Laso skater gazteak dagoz zain.

Basque Team Fundazinoak eta Euskadiko Patinaje Federazinoak skateboardeko errendimendurako proiektua martxan jarteko akordioa sinatu dabe eta Tokyoko Jokoetan lehen aldiz olinpiar programan sartuko da diziplina hau.

Euskadik etorkizun oparoa daben talentu gazteak ditu kirol honetan; hori dala eta, Fundazinoak eta Federazinoak baliabideak eta esfortzua batzea erabagi dabe hurrengo hitzordu olinpikoei begira: Paris 2024 eta Los Angeles 2028.

Kasu honetan, Ian Poncianok (Bermeo, 13 urte, 2019an Basque Teameko bekea jaso eban 2018ko Munduko Txapelketan maila absolutuan lortutako emoitzakaitik), Alain Kortabitartek (Donostia, 15 urte), Iraia Escobarrek (Ordizia, 19 urte) eta Naia Lasok (Bermeo, 12 urte) osotuko dabe Federazinotik Gonzalo Irigorasek eta Urtzi Unanuek zuzendutako proiektua.

Bikaintasun-proiektu hau Basque Team-ek Piraguismoko, Surfeko, Atletismoko, Arrauneko, Eskubaloiko, Gimnasiako, Karateko, Badmintoneko, Mahai-teniseko, Neguko Kiroletako eta Kirol Egokituko Euskal Federazinoakaz dituan beste batzuetara batzen da. Hurrengo hitzordu olinpikoetan lehiatzeko aukerak dituen kiroletan lan eginda, errendimendua lortzea da asmoa. Nazinoarte mailan, kategoria absolutuan, emoitzak dituen kirolariei bekea emon beharrean (hau Basque Team Fundazinoak egin dau azken hamabi urteetan eta egiten jarraitzen dau), proiektu horreek baliabideak kirolarien inguruan ardazturiko ekimenetan oinarritzen dira. Fundazinoak ez ditu kirolariak bekau behar, proiektuaren parte izateko, batek ez dau besteagaz zerikusirik.

Euskal Federazinoek eta Basque Team Fundazinoak gidatutako proiektuek kirolarien egunerokoa ezagutzen dauen entrenatzaileak izango ditue ardatz. Kirolarien erabateko jarraipena egingo da, euren beharrizan guztiak beteteko asmoz.

Euskal federazinoek zuzenduko ditue proiektuak eta horretarako Basque Teamek laguntza ekonomikoa, zerbitzu biomedikua, teknikoa eta psikologikoak eta ikasketetan eta irudi eta komunikazinoan aholkularitza eskainiko deutsee.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu