Alkarlanerako deia egin dau Bilboko Konparsak taldeak

Bizkaie! 2020-07-09 13:49   Pil-pilean

Bilboko Konparsak kolektiboak ez dau gura inposizinorik.

Alde bateko erabagien aurrean alkarlana berreskuratzeko deia egin deutse Bilboko Udalari, Arriaga antzokiaren aurrean egindako agerraldian. Bilboko Konparsak kolektiboak alkarlana eta ez inposizinoa eskatu dabe. 

Agerraldia hasi dabe martitzenean hildako Josu Torreren aitamena eginez: Konparsakide, pregoilari eta jai-zalea izanik, hutsune handia itxiko dau Josuk Bilboko konparsetan, euskal kazetaritzan itxiko dauen moduan. Hain zuzen be, martitzenean bertan argitaratutako bere azken zutabean jai herrikoiak izan zituan berbagai Torrek. Aste Nagusiari jagokonez, aurten ez dala pregoi sakonik entzungo txupina jaurti aurretik Arriagako balkoitik iradoki eban baina harago eroan eban begiradea; haren eretxiz, ez dau emoten eznormaltasun honek iraungitze datarik dauenik eta jaiakaz hasi garenez, dudan jarri beharko ete doguz datorren urtekoak ere? Jaizale danon izenean, Gaixoa ni!, inoan Torrek, DEIAn argitaratutako azken zutabean.

Gaixoak danok, jai herrikoiak maite eta bizi ditugunok!, esan dabe konparsek, izan be, aurtengo jaien basamortuaz aparte, normaltasun barriak ekarriko deuskunak arduratzen ditu konparsak, ez dalako oso urrun ibiliko orain arteko normalidadetik. Federazinoak salatu dauenez, joan dan martitik hona, urak bere bidea egin dau: Bilboko Konparsek eta auzoetako jai batzordeek behin eta berriro erakutsi dabe alkar jagonez, prebentzino-printzipiotik eta osasun neurriak gogoan, bilbotarren esanetara gagozala. Ehunka herritarrek parte hartu dabe alkartasun sareetan eta jarrera horri etsiko deutsagu. Pandemiaren aurrean erantzukizun soziala eta zuhurtzia aldarrikatzen daben indar beragaz, alkarlana eta ez inposizinoa, oinarrizko baliotzat dabela berretsi dabe konparsek. Holan, Bilboko Konparsek eta auzoetako jai batzordeek ziurbakotasun egoeran be arduraz segidu dogu lanean herri mobimendu lez, gure onena emoteko, 1983ko urioletan egin bezela: auzolanean, alkarlanez eta musutruk, adierazo dabe.

Udalak, 1980an Castañaresek egin eban lez, inposizinoaren bidea hautatu dau, orain arteko alkarlana irudikatzen eben aukerak indarbakotuz, Bilboko Jai Batzorde Mistoagaz egin dauen legez. Erakunde horren bilera bakarra egin da, izurritea piztu zanetik, hainbat astez Bilboko Konparsek eskatu eta eskatu ondoren. Halan da be, bertan ezelako erabagirik hartu ez eta alkateak galarazo egin eban Aste Nagusia, batzordearen lana eta eretxiak kontuan hartu barik. Ondoren, jaien ordez kultur ekitaldi solte batzuk egitea pentsau eban Udalak.

Udalak botatako zubiak berreregi guran konparsek behin eta barriro adierazo dabe alkarlana, parte-hartzea eta jai osasuntsuen alde egin dabela. Mahai teknikoan be argi geratu jakun denporea galtzen egon arren, proposamen barria egingo geuntsala Udalari. Hainbat asteren ostean, bilerea izango da Jai Arloagaz baina dudea daukagu baliogarria izango ete dan alkarlana sustatzeko.

Auzoetako jaiei jagokenez, okerrago dabizela salatu dabe Bilboko Konparsek, izan be, alkarlan instituzional txikienik be ez dago. Aurten debekuz debeku ibili dira, Udaleko inor eurekaz hartu-emonetan jarri barik.

Datozen urteei begira arduratzeko modukoa da konparsentzako Aste Nagusiaren jai eredua dudan jartea. Konparsen eretxiz, jai herrikoien eredu parte-hartzailea sustatzeko momentua da. Aukerarik badago, gu beti izango gara prest 1983an agertutako jarrereari eusteko, Bilbotar danon alde lan egiten dogulako. Herri honek irribarrea, ilusinoa, esperantzea eta jaiak behar ditu.

Konparsek badakite aurten ez dala Aste Nagusia izango, ez baita posible izango jente piloketarik baina horrek ez dau esan gura kaletik jaia, festa, parte-hartzea eta alaitasuna ezabatu behar ditugunik, horreek danak behar ditugulako, zehaztu dabe: 'Itxi ezkero, laster emongo dogu urritik hona ehunka konparsakide lantzen gabizan eta behin eta barriro osasun-erispideak gogoan hartuta moldatutako egitarau horren guztiaren barri', iragarri dabe.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu