Bilbon, 129.000 euro kulturearen sektorea sustatzeko

Bizkaie! 2020-07-09 11:35   Kulturea

Bilboko Udalak 38 kultur jarduera eta proiektu babestuko ditu.

Asmo nagusia da talde batzuei eta besteei laguntzea kulturea sustatzeko eta zabaltzeko urian. Laguntzak Udalaren #BilbaoAurrera planaren barruan datoz, kulturearen sektoreari laguntzeko neurri-sorten artean eta, danetara, 1,3 miloe dira. Bilboko Udalak bultzadea emon gura deutso kulturearen sektoreari eta, esangura horretan, Gobernu Batzordeak dirulaguntzak dakarz, 129.000 eurokoak, Bizkaiko uriburuan gauzatzekoak diran 38 kultur jarduera eta proiektutarako. Udalak, gainera, jakitera emon dau eten barik dagoala hartu-emonetan Uriko kultur talde eta kolektiboakaz, proiektuak zehaztu eta datak, lekuak eta formatuak egokitu deiezan.

Diru-laguntzok Bilboko Udalak kulturarako eta kultur eragileentzako abian jarritako hamar neurrien artean dagoz eta horreen bidez Uriko kultur sareari lagundu eta bultzada bat emon gura jako: Hamar neurriok, 1.328.000 euroz horniduak, #BilbaoAurrera planaren barruan datoz jasota; hain zuzen, plan horrek, 15 miloe euroko inbersinoa eginez eta 50 neurri ezarriz, COVID-19 gatxaren krisi sanitarioak Uriko personei eta enpresei eragindako ondorioak arindu nahi ditu, personak eta enpresak suspertu eta oneratzen lagunduz.


Kulturearen sektorerako neurriak

Bilboko Udala #BilbaoAurrera planaren barruan kulturearen sektoreari laguntzeko neurriak ondokoak dira: 38 jarduera diruztatzea onetsi dau, baina, gainera, Udalak beste 500.000 euro bideratuko ditu Kultur Bonuak kanpainarako.

Gainera, bagileko Udalbatzarrean onetsi zanez, deialdi bi izango dira Artistak koronabirusaren kontra proiektuaren barruan, 100.000 euroz baitago horniduta: Udalak, Bizkaiko artearen sektorea laguntzearren, baliabideak eskainiko ditu kultur produkzinorako eta, horretarako, testu kritikoetarako deialdi bat eta egungo egoeran sortutako artelanen eta bitartekaritzako esku-hartzeen erakusketa handi bat antolatu ditu.

Beste alde batetik, Udalak, neurri batzuk onetsi zituan bagilean, 211.145 eurokoak, Kultur Proiektuen Poltsa bat sortzeko, hain zuzen be, 2020an zehar Uriko programazinoan sartuko diran kultur proiektuen poltsa bat. Udalak 20 proposamen hautatuko ditu, Bilboko kultur eta sorkuntza arloko profesionalek eta taldeek aurkeztutakoen artean, sektorea dinamizatzearren eta COVID-19ak Uriko kultur eragileei eragindako kalteak leuntzen laguntzearren. Proiektuak 2020ko garagarrilaren 30era arte aurkeztu daitekez.

Bilboko Udala beharrean dabil COVID-19a dala-eta gauzatu ezin izan ziran kultur jarduerak birprogramatearren eta data barrien bila dabil, Udalak antolatzen dituan jaialdiak eta programak uda ostean egin ahal izan daitezan. Alde horretatik, Udalak indartu egin dau udaleko kultur ekipamenduek tokiko kultur eragileakaz daben konpromisoa eta, horretara, esaterako, birdiseinau egin dau Arriaga Antzokiko programazinoa, tokiko sorkuntza sarea sustatzeko.

Datozen asteotan abiarazoko diran neurrien artean dagoz espazio publikoan gauzatzekoak diran jarduerak sustatzea, Bilboko auzoetan bizia eta dinamismoa eragiten daben kultur eta sormen industriakaz loturea dabenak (300.000 euro dagoz horretarako) eta, gainera, laguntza berezi bat, 28.000 eurokoa, Harrobia Produkzino Eszenikorako Barrikuntza Zentrorako.

Era berean, beste jarduera batzuk be onetsiko dira, bakotxa 100.000 eurokoa: alde batetik, barruan egitekoak diran formatu txikiko jarduerak, tokiko kultur merkataritzea sustatzearren eta, bestetik, Uria sustatzen daben ikus-entzunezkoen bilduma bat sortzea, ikus-entzunezkoen produkzinoari laguntzearren.

#BilbaoAurrera planaren barruko neurriokaz Bilboko Udalak babestu eta nabarmendu egin nahi ditu kultur eragileen oinarrizko zeregina, euren lana eta Uriko kultur biziari egiten deutsen ekarpena.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu