‘IV. Zurrumurruen kontra, sartu aterpean' lehiaketea jarri dabe martxan

Bizkaie! 2020-07-09 09:46   Kulturea

Bilboko Udala 2013tik dabil proiektua lantzen, diskriminazinoari aurrea hartzeko.

Migratzaileen irudikapen barriak sortzea eta topikoak haustea da lehiaketearen helburua eta euskarazko edo gaztelaniazko ipuinak aurkeztu daitekez, aniztasuna, arrazakeriaren kontrako burrukea, bizikidetza, identidadea edo errespetua lako balioak jorratzen dituenak.

Zurrumurruen kontrako proiektua 2013an sortu zan Bilbon, atzerritarren kontrako diskriminazinoari aurre egiteko eta aurreretxi negatiboen kontra burrukatzeko. Ekimen hau Herritarren eta Aniztasunaren II. Udal Planean jasotako konpromisoaren barruan dago.

Bilboko Udalak Zurrumurruen kontra, sartu aterpean kontakizun laburren IV. lehiaketea abiarazo dau; 2017an sortu zan, migratzaileen irudikapenaren inguruan narratiba barriak sortzeko eta berbearen indar eraldatzailearen bidez topikoak hausteko.

Bizikidetzea, kulturartekotasuna, aniztasuna edo arrazakeriaren kontrako burrukea dira lehiaketara aurkeztutako kontakizunetan landu beharreko gaietako batzuk eta identidadeari, errespetuari edo alkarrizketeari buruzkoak be izan daitekez.

Lehiaketeak hizkuntza-modalidade ditu: euskerea eta gaztelania. Baldintza bakarra dago parte hartzeko: 18 urte beteta izatea. Kontakizunek gehienez lau orriko luzerea izango dabe; eta Arial 12 edo antzeko letran, espazio bikotxaz eta orriaren alde bakarrean idatzita. Jatorrizkoak eta argitaratu bakoak izan beharko dabe eta lehenago saririk jaso bakoak.

Kontakizunak aurkezteko epea irailaren 1etik 30era bitartean egongo da zabalik, udalaren web orriaren bidez hemen.

Lankidetza, Bizikidetza eta Jaietako Sailak izentautako epaimahaiak hautatuko ditu irabazleak, 2020 amaitu baino lehen. Aukeratutako ipuinek – lehen eta bigarren sariak izango dira hizkuntza bakotxean – 350 eta 150 euroko saria jasoko dabe, hurranez hurran. Gainera, obra finalista guztiak jaso eta batuko ditu liburu batek, lehiaketearen aurreko edizinoetan bezela.

Bilboko Udala 2013tik dabil zurrumurruen kontrako proiektua jorratzen, diskriminazinoari aurrea hartzeko, bizikidetzea hobetzeko eta atzerritarren inguruko estereotipo negatiboei aurre egiteko.

2017tik, udalaren estrategiak sorkuntzazko idazketearen eta literaturearen inguruan esku-hartzeko asmoa dauka, hain zuzen be, irudi eta diskurso barriak eregiteko tresna moduan sormena sustatzeko asmoz. Txani Rodriguez kazetari eta idazlearen sormenezko idazketa tailerrak – fikzinoko istorioak eregiteko teknika eta tresna narratiboak emoten ditu, besteak beste, IKUSPEGI Immigrazinoaren Euskal Behatokiaren saio bat barrubatzen dabenak.

Horrezaz gan, Bilboko zurrumurruen kontrako sareak, estrategiari atxikitako ostalaritza-establezimenduakaz lankidetzan, Pintxo Pote literarioa antolatuko dau (online egingo da); aurreko edizinoetako irabazleek eta finalistek euren lanak irakurriko ditue, proiektua auzoetara hurreratzeko.

Azken buruan, COVID-19k eragindako osasun-larrialdiko egoerearen ondorioz, programautako jarduerak online formatuetara egokitu behar izan dira eta ekimen barriak diseinau. Holan, aurten online prestakuntza-ekintzak, bilerea eta tailer birtualak eta sensibilizazino-ekimenak egin dira sarean eskuragarri dagozan aplikazinoen bidez, parte-hartze handiagaz.

Bilboko Zurrumurruen kontrako estrategia osasun-egoerara egokitzeak Cities kulturarteko programearen buru dan Europako Kontseiluaren aintzatespena ekarri dau, jardunbide egokitzat jo dauelako.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu