Jai Alai World Tour astegoienean hasiko da Markina-Xemeinen

Bizkaie! 2020-07-08 13:20   Kirola

Abendura arte munduko zestalaririk onenak batuko dira.

Jai Alai World Tour zesta-punta zirkuituak ez deutso hutsik egingo urteroko hitzorduari. Covid 19k eragindako egoereak formatua eta egutegia aldatzea ekarri badau be, zesta-punta zirkuitua barikuan, hilaren 10ean, hasiko da Markina-Xemeinen. Hortik aurrera, Jai Alai World Tour-ek primerako osogaiak ekarriko deuskuz: gitxienez zazpi txapelketa izango dituan zirkuitu bat eta munduko zestalaririk onenek osotutako kartel bat. Egun, baieztatuta dago zirkuituan proba honeek egingo dirala: Markina-Xemeingo Masterra, Lekeitioko Masterra, Hondarribiko Grand Slama, Gernikako Grand Slama, Donostiako Grand Slama, Bartzelonako Opena eta Berriatuko Banakakoa. Era berean, antolatzaileak lanean dabiz beste txapelketa batzuk baieztatzeko, besteak beste, Mutrikuko Opena eta Zumaiako Masterra.

Munduko Pilota Batzarrak antolatzen dau Jai Alai World Tour zirkuitua, Eusko Jaurlaritzearen laguntzaz. Gaur goizean aurkeztu dabe aurtengo edizinoa, Bilboko Ola Martin Berasategui jatetxean; jentaurrean izan dira Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua, Fernando Azkarate Munduko Pelota Batzarreko presidentea eta Mikel Egiguren Jai Aliveko arduraduna.

Bingen Zupiria sailburuak nabarmendu dau garrantzitsua dala Jai Alai World Tour aurten be egin ahal izatea: Egun, kirolaren eta pelotearen alde hartu geinken neurririk onena da normaltasuna berreskuratzea, betibe segurtasun-neurriakaz zorrotz jokatuz. Jai Alai World Tour orain sei urte sortu zan zesta-puntea sustatzeko bere sorlekuan eta oso pozik gagoz jaso dauen harrereagaz. Horregaitik, sano inportantea zan aurten be egin ahal izatea. Behin zirkuitua antolatuta, orain zaleak frontoietara joatea da behar doguna eta, hola egiten dabenean, segurtasun-baldintzak errespetetea.

Zirkuitu honetako txapelketa bakotxak bere Segurtasun Protokoloa izango dau, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren gomendioetan oinarritua eta antolakuntzan dabizan erakundeen artean adostua. Bertan, ekitaldia egiteko baldintzak zehaztuko dira: zaleen sartu-urtenak, edukierea, komunen erabilerea... Momentu honetan, zirkuituko lehen partiduak, hilebete honetan bertan egingo diranak, % 60ko edukieraz egingo dira eta ikusleak maskarea eroan beharko dabe.

Egungo baldintzek behartuta, zenbait txapelketa atondu barik egon arren, gaurko aurkezpenean, dagoeneko baieztatutako lehen zazpi proben zerrendea emon dabe ezagutzera:

Markinako Masterra: Garagarrilak 10, 16 eta 19.

Lekeitioko Masterra: irailak 4 eta 6.

Hondarribiko Grand Slama: irailak 18 eta 25, eta urriak 2, 9 eta 16.

Gernikako Grand Slama: urriak 10, 17, 24, 26 eta 31.

Donostiako Masterra: Zemendian.

Bartzelonako Opena: Zemendian.

Berriatuko Banakakoa: abenduan.

Munduko Pelota Batzarreko presidenteak, Fernando Azkaratek, nabarmendu dau zailtasunak zailtasun, maila handiko zirkuitua osotu dala: Gaur egun zazpi txapelketa baieztatuta ditugu eta horreei, seguru beste proba batzuk gehituko jakez. Horregaz batera, nabarmendu behar dogu munduko zestalaririk onenak izango ditugula gurean. Imanol Lopezek, Goikoetxeak, Aritz Erkiagak, Diego Beaskoetxeak, Xabier Barandikak, Lekerikak, Olharanek eta Zulaikak, besteak beste, dagoeneko berretsi dabe etorriko dirala. Maila handiko kartela izango dogu eta baja gitxi izan ditugu. Era berean, Azkaratek Kepa Arroitajauregi zanak egindako ekarpena nabarmendu eta eskertu nahi izan dau.

Covid-19ak sortutako egoerea dala eta, Jai Alai World Tourren antolakuntzeak lehiaketa bakotxaren atarian emongo ditu ezagutzera proba bakotxeko zehetasun guztiak. Markina-Xemeingo Masterraren kasuan, barikuan, lehen finalerdian, Beaskoetxea-Lekerika eta Erkiaga-Aldazabal izango dira aurrez aurre (atarikoan Barandika-Ibarluzea eta Goixerri-Manzi). Bigarren finalerdia hilaren 16an izango da: Goikoetxea-Etcheto Lopez eta Ormaetxearen kontra.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu