Sopelako Udalak 6.746 bonu jarri ditu

Bizkaie! 2020-07-08 09:06   Pil-pilean

Garagarrilaren 15ean hasiko da kanpainea.

Aktibatu – Sopela erosketa-bonuen kanpainako lehen fasea datorren eguaztenean jarriko da martxan. Sopelako Udalak antolatutako ekimena da, udalerriko establezimenduen jarduera ekonomikoa berreskuratzeko asmoz. Merkataritzearen, ostalaritzearen eta zerbitzuen sektoreak modu larrian dagoz sufriduten Covid-19k sortutako osasun-krisiaren ondorioak. Kanpaina honen bidez, Udalak udalerriko establezimenduetan konsumoa sustatu nahi dau, udalerriko jarduera ekonomikoaren eragile izan diran eta diran sektore horreek bizibarritzen laguntzeko; eta era berean, sopeloztarrei familia-ekonomia arintzen lagundu nahi deutse. Horretarako, Sopelako Udalak 6.746 bonu jarriko ditu zirkulazinoan garagarrilean (5 euroko 4.497 bonu eta 10 euroko 2.249 bonu), 45.000 euroko udal diru-laguntzearen bidez ordainduak. Horri esker, konsumitzaileek deskontuak izango ditue.

Holan, atxikitako saltokietan egindako erosketakaitik, gitxienez 20 euroko balioa dabenak, 5 euroko deskontua lortuko da eta 40 euroko gitxieneko balioa daben erosketakaitik, 10 euroko deskontua. Bonuak garagarrilaren 1etik aurrera banatuko dira kanpainara atxikitako establezimenduen artean, eta garagarrilaren 1etik irailaren 15era erabili ahal izango dira. Egindako erosketa bakotxeko bonu bakarra erabili ahal izango da, erosketearen zenbatekoa edozein dala be, betibe erosketa minimoa 20 eta 40 eurokoa bada, hurranez hurran. Ezarritako epean trukatu ez diran bonuak ezingo dira erabili aurrerago egin daitekezan kanpainetan.


Danetara, 66 establezimendu batu dira

Bagilaren 5ean edegi eben koronabirusak sortutako osasun krisiak jotako herriko merkataritza, ostalaritza eta zerbitzuen sektoreetako profesionalei zuzendutako kanpaina honetara batzeko epea. Epea bagilaren 14an zarratu eben eta guztira, 66 establezimendu batu dira.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu