Amorebieta-Etxanok 'ZorHontza' aurkeztuko dau

Bizkaie! 2020-07-08 08:29   Kulturea

Markeliñek Psike lan barria estreinauko dau garagarrilaren 15ean.

Amorebieta-Etxanoko Udalak bertan behera itxi behar izan ditu jaiak erantzukizunagaitik eta zornotzarren osasunari lehentasuna emonez. Horregatik, herritarrei erantzukizunez jokatzeko eskatzen deutse, danon onerako.

Kontuak kontu, Udalak online programea atondu dau jaiei eta herritar guztiei omenaldi bat egiteko. Herriarentzat eta herritarrakaz egindako programea izango da. Udalak ZorHontza'be aurkeztuko dau, personaia barria eta herriko jaietako abesti barria: abestiari Mikel Urdangarin, Onintze, Mikel Inunziaga, Eider Etxeandia eta Soraia Agirregoikoak jarri deutse ahotsa eta online kontzertu bat eskainiko dabe (Udalaren webgunetik be behera kargau ahal izango da).

Udalak jaietako personaia barriari buruzko informazinoa banatuko dau etxez etxe, baita abestiaren berbak be, datorren urteko jaietarako mundu guztiak ondo jakin daizan.

Gainera, Udalak erakusketa bat antolatu dau 40ko hamarkadatik aurrerako antxinako jaietako erretratuakaz: antxinako bandea, kuadrillak, programa zaharrak, lehiaketak zein bestelakoak. Erakusketea Zelaieta parkean ikusi ahal izango da.


Online programazinoa

- Garagarrilaren 15ean, 20:00etan, Omenaldia. Pandemian jo eta su lanean egon diran Amorebieta-Etxanoko herritarrei omenaldia egiteko bideoa. Etxealdian hain garrantzitsuak izan diran behar-beharrezko taldeei begira egin da. Batzuk bideo honetan agertzen dira eta bideoak ordezkatuko dau pregoia.

20:15ean, txistulariak eta erraldoiak. Txistulariek eta erraldoiek urtero herriko kaleetan egiten daben desfilearen ordez, txistulariek abesti batzuk eskainiko deuskuez eta erraldoiak be ikusi ahal izango ditugu, modu birtualean baino ez bada be.

22:00etan, Psike, Markeliñe taldearen lan barriaren estreinaldia (Online). Ohikoa da Markeliñek bere lanak Amorebieta-Etxanon aurkeztea eta aurten be holan egingo dau online izango bada be. Antzezlana online ikusteko 48 ordu baino ez dira egongo.


- Garagarrilaren 16an, 20:00etan, jaietako kontzertua eta jaietako abestiaren aurkezpena. Mikel Urdangarin, Onintze, Mikel Inunziaga, KITTU eta TRIKI PIKU trikitilariek kontzertu berezia eskainiko dabe online. Zor Hontza jaietako abestiaren ahotsak dira, eta abestia lehenengoz zuzenean, kontzertu berezi honen amaieran entzun ahal izango da.


- Garagarrilaren 25ean, 20:00etan, Zornotzako Musika Bandearen kontzertua.


- Garagarrilaren 26an, 10:00etan, familientzako Katillukadak istorioa online Aitor Ormaetxearen eskutik.

20:00etan, OIHAN VEGA streamingo bidez.


- Garagarrilaren 27an, 20:00etan, Soinutxikiren errezitaldia. Nagore Palaciosek eta bere ikasleek triki eta pandero saio berezia eskaino dabe online, Santanatxu egunagaz lotutako abestiakaz eta danok ezagutzen ditugun jantzakaz, herriko hainbat trikitilariren eskutik.

22:00etan, Tonbola, Hika Teatroaren eskutik. Hika teatroak bere lan barria eskainiko deusku online. Umorea egoera aldrebesetan oinarrituko dau eta mugek banatutako mundu batean bizi dan jentearen errealidadea edo muga baten barruan bizi diranena izango dau ardatz. Antzezlana ikusteko 48 ordu baino ez dira egongo.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu