Amorebieta-Etxanoko hiru artista ezagunek egindako hiru obra ikusi ahal izango dira

Bizkaie! 2020-07-06 11:20   Kulturea

Iñaki Olabarri, Mikel Berrojalbiz eta Rosalinda Incardona dira artistak.

Koralak, Amorebieta-Etxanoko Udaleko Kultura Sailaren laguntzeagaz, Enrike Renteria pintura lehiaketako Zintzilik modalidadea gogoratu nahi dau, hiru artista zornotzarren lanei esker; lanok udaletxeko fatxadan eta Zelaieta Zentroan ikusgai egongo dira datorren eguenetik, garagarrilaren 9tik, aurrera.

COVID-19ak eragindako egoerak Amorebieta-Etxanoko kultur proiektu asko atzeratu edo bertan behera ixtea ekarri dau, Enrike Renteria pintura lehiaketea ez da salbuespena izan eta osasunaren ikuspuntutik zuhurtziaz jokatzeagaitik, normalean egiten dan lez ez egitea erabagi da.

Halan da be, Koralak eta Amorebieta-Etxanoko Udaleko Kultura Sailak, kulturearen garrantzia edo kasu honetan arte plastikoena, azpimarratu behar dala ikusi dabe, baita egungo egoeran be eta, beraz, herrian bizi diran hiru artistari Enrike Renteria lehiaketearen garrantzia gogoratzeko hiru artelan sortzeko erronkea aurkeztu jaken; erronkea onartu eta Zintzilik-Enrike Renteria 2020 programeak hiru sorkuntza lan barri izango ditu: Iñaki Olabarri eta Mikel Berrojalbizek 2x3 metroko lan bi egingo ditue eta lan horreek Zelaieta Zetroko fatxadan ikusgai egongo dira garagarrilaren 9tik aurrera. Bestalde, Rosalinda Incardonak Amorebieta-Etxanoko udaletxean zintzilikatuko dau bere lana.

Hiru adierazpen artistiko horreen sorkuntza lana dokumentau egin da, uste baita egungo egoereak merezidu dauela pandemia honetan egindako sorkuntza lana erakusten daben adierazpen grafiko bat izatea eta hori herritarrei helarazotea.

Zornotza Aretoko webgunean (mediatekan) egongo dan bideo batean ikusi ahal izango da sorkuntza lana, garagarrilaren 12tik aurrera.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu