Museoko bilduman obra gehiago sartu dira dohaintza bidez erosketa bidez baino

Bizkaie! 2020-07-03 08:15   Kulturea

Dohaintzek erakusten dabe museoak konpromisoa dauela hainbat bildumagilegaz.

'Iglesias familia, Donostia', 2015. Thomas STRUTH (Geldern, Alemania, 1954). Iglesias Fernández-Berridi familiak emona, 2020an | Ikusi handiago | Argazki originala

Bilboko Arte Eder Museoko arduradunak pozik dagoz, izan be, aurten, azken hileotan, artelan ugari emon deutsee dohaintzan bilduman txertatzeko. Dohaintzek erakusten dabe museoak konpromisoa dauela hainbat bildumagilegaz; lotura horixe da museoaren identidade-ezaugarrietako bat, gaur eguneraino iraun dauena, bildumagileek asko lagundu sabelako museoaren bildumea aberasten. Gizon-emakume horreek oinarrizko eginbeharra izan dabe museoaren sorreran eta garapenean, museoa ulertuz herritarren ondare eta kultur ondasun preminazko legez, baita garapen kolektiboaren isla modura be.

Gogoan izan, azken hamarkada bitan, hau da, Bilboko Arte Eder Museoa Fundazinoa eratu zanetik, 2001ean, museoko bilduman obra gehiago sartu dirala dohaintza bidez erosketa bidez baino. Bestalde, ez dira bakarrik pieza gehiago izan; dohaintzen ondare-balioa handiagoa izan da erosketena baino.

Datu hori nabarmena izan da azken urteetan, obra oso garrantzitsuak emon deutseelako dohaintzan museoari: Maitasunaren garaipena Gerraren gainean (1784) margolana, Luis Paretena Alicia Koplowitzek emon eban dohaintzan, 2018an, Bilbao (1983) altzairuzko eskulturea, Richard Serrarena –Martín García-Urtiaga eta Mercedes Torronteguiren bilobek emon eben, hareek omentzeko asmoz, 2018an, Hanging Figures (1997) instalazinoa, Juan Muñozena, Vizcaína Aguirren Fundazinoak, Museoko Patronatuko kideak, emon eban dohaintzan, 2019an.

Gaur egun, baldintzak gogorrak diran arren, mezenasgo bikain honek sendo iraun dau eta, horri esker, azkenaldian jasotako dohaintzen hautaketa bat aurkeztuko dogu: Thomas Struth argazkilari alemanaren obra bat, Dora Salazarren (Altsasu, Nafarroa, 1963) eskultura bat, Vicente Larrea (Bilbo, 1934) eskultorearen hiru akuaforte, eta funts artistiko-dokumental bi, oso garrantzitsuak: batetik, Juncal Ballestín artistari jagokona (Gasteiz, 1953-2015) eta, bestetik, Juan Carlos Eguillor artistari jagokona (Donostia, 1947–Madril 2011). Testuinguru horretan erakutsiko deuskuez azken emariak: ABC. Bilboko Museoaren alfabetoa erakusketan eta arte garaikideko aretoan [Dora Salazar eta Ballestín]. Publikoari aurrerago erakutsiko jakoz; halan da be, esan behar da bildumagile pribatu batek Lucas Vorsterman I.aren grabatu itzel bi emon dituala, interes handikoak, izan be, lotura estua dabe bildumako maisulan bategaz: Lot eta bere alabak, Orazio Gentileschirena. Papel gaineko obra bikain bi horreez gan, azpimarratzekoa da 1980an Vicente Ameztoik, José Luis Zumetak eta Carlos Zabalak pintau eben mural kolektiboa, Lemoizko zentral nuklearraren kontrakoa.


Udako ordutegia

Astelehenetik zapatura, goizeko 11:00etatik 15:00etara eta 17:00etatik 21:00etara egongo da zabalik Arte Edera Museoa. Domeka eta jaiegunetan, barriz, goizeko 11:00etatik 15:00etara.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu