Bainurako guneak ezarri ditue Bermeoko portuan

Bizkaie! 2020-07-02 11:44   Pil-pilean

Bermeoko Udalak beregan hartuko dau gune horren antolaketea eta kontrola. 

Portuen Zuzendaritzearen ebazpen baten bitartez, datozen hiru urteetan, udako denporaldian —bagilaren 15etik irailaren 30era—, Bermeoko portuan bainua hartzeko baimenduko diran guneak finkatu ditu Eusko Jaurlaritzeak.

Bermeoko Udalak bainua hartzeko portuko guneak edo esparruak mugatzeko eskatu eban eta, beraz, Jaurlaritzeak honako gune honeek ezarri ditu:

- Lehorreko azalera: 600 m2 , Martillo kaian.

- Ur-laminea: 2.377 m2, Martillo kaiaren aldameneko gunean.

Bainurako gune horreen kudeaketea eta kontrola Bermeoko Udalaren esku geratuko da. Bertan, edukiereari, neurri sanitarioei, jentearen arteko distantziari edo portua dala kontuan hartuz horrek dituan arriskuez ohartarazoteko informazioa emoteko seinaleak ezarri beharko ditu Udalak.

Erabiltzaileei uraren kalidadeari eta ordutegiei buruzko informazinoa emongo deutse eta uretan xaboia edo produktu kimikoak erabiltea edo bertara isurtzea galarazota dagoala be jakinarazoko deutse. Bainua hartzea baimenduta egongo dan lekuetan kortxo-ilara bat ipiniko dabe gunea mugatzeko eta ontziek, tarteka, kaiaren ondoan dagoan pantalana erabili ahal izango dabe.

Azken buruan, Bermeoko Udalak beregan hartuko dau gune horren kudeaketea, kontrola eta erantzukizuna, bertako segurtasuna, garbiketea, higiene-neurriak eta neurri sanitarioak eta bestelakoak bermatzeko behar dan personala ezarriz. Bertan jazo daitekezan gorabeherak Bermeoko Udaltzaingoak ebatziko dituala nabarmendu behar da.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu