Sandra Garaioak eta Itziar Otegik irabazi dabe XIV. Etxepare saria
2020-07-01 11:04 KultureaSaritutako lana Pamielak argitaratuko dau, euskeraz.
Sandra Garaioa (Donostia, 1993) ilustratzaileak eta Itziar Otegi (Oiartzun, 1972) idazleak umeentzako albumak sortzeko Etxepare saria irabazi dabe Lorerik gorriena lanari esker. Danetara, 35 lan aurkeztu dira eta antolatzaileen arabera, inoizko edizinorik aberatsena izan da. Album irabazleak gutako bakotxaren bizitzan jazoera handiek daben kargea nabarmentzen deusku, norberaren bildurrek, edo besteakandik jasoten ditugunak, zenbateraino kateatzen gaituen galderea eginez. Ipuin tradizionalen bidean, Txano Gorritxoren alabea dogu ardatz eta protagonista eta berak erabagi beharko dau etxean geratu edo oihanean sartu gura dauen, historia errepetidu edo barritu eta, jakina, oihanean basapizti ezaguna dauka zain...
Leire Salaberria ilustratzaileak, Idoia Sobrino liburuzainak eta Patxi Zubizarreta idazleak osotu dabe epaimahaia eta azpimarratu dabenez, testua sotil eta argi idatzia dago, zentzu guztietan neurritsu eta bikain buztartuta dago ilustrazino gorri-baltzakaz: protagonistak eta euren neurriak, naturearen presentzia gozoa, dana sinbolismo eta iradokizun handiz adierazota.
Gama kromatiko oso neurtu bategaz indar handiko irudiak sortu dituela be nabarmendu dau epaimahaiak, gorriak eta baltzek pisu handia dabe kontakizunean eta ipuin tradizionalagaz lotzeaz gan, irakurlearen emozinoakaz bat egiteko kapaz da. Egitura eta zirrimarrakaz olgau dabe, deskripzinoetatik urrunduz eta sinbolismo eta burubidez betetako mundu propio bat azalduz.
Kontuak kontu, 5.000 euroko sari bakarra emon dabe egile eskubideen aurrerapen moduan eta saritutako lana Pamiela argitaletxeak argitaratuko dau, euskeraz, 2020ko udagoienean.
Iruñeko Udalak, Etxepare saria programearen barruan antolatzen dauen Biko-Teka topaketetan hartu dabe parte saridun biek; Otegik idazle moduan eta Garaioak ilustratzaile lanetan.
Nafarroako leku-erakundeetako Euskera Zerbitzuek, Nafarroan literatur sari esanguratsu baten hutsunea egoala ikusirik eta, beraz, literatur lehiaketen alorrean erreferentzia izango zan saria sortzeko asmoz, Etxepare sariak antolatu zituen 2004an eta ume, gazte eta helduentzako literaturea urte bitan saritu eben, formatu horretan. 2006tik aurrera baina, Etxepare umeentzako albumak sortzeko beka bihurtu zan, euskeraz sortutako albumen produkzinoa sustatzeko, izan be, euskeraz argitaratzen diran album gehienak itzulpenak dira eta ez euskeraz sortuak. 2009tik Etxepare bekea izateari itxi eta sari bilakatu da.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!