Lekeitioko kaxarrankea, sasoi barrietara egokituta

Bizkaie! 2020-06-30 08:08   Kulturea

San Pedro eguneko ohiturei eutsi deutse, baina ikusle gitxiagogaz.

Lekeition egun handia da bagilaren 29a, San Pedro, kaxarranka jantzearen ohitureari eutsi deutselako menderik mende. Aurtengo ekitaldiak, baina, Covid-19agaitik bete beharreko osasun neurri zorrotzek kolokan ipini ditue. Sasoi barrietara egokituta egin behar izan ditue eguneko ekitaldi nagusiak.

Goizean goiz Kofradiara joan dira Asier Uskola jantzaria eta kaxeari eusten deutsen gazteak, maskara eta guzti. Ohiturazko jantzea egin dabe han, baina, ondoren, plazako bidea hartu beharrean, Abaroa jauregiaren lorategian sartu dira. Jente piloketarik ez daiten egon, hara aldatu dau Udalak aurtengo saio nagusia. Betiko lez, kaxarrankea eta andren aurreskua egon dira egitarauan. Zortzi emakumek hartu dabe parte bigarren horretan.

Herriko agintariakaz batera, 140 ikuslek disfrutau ahal izan dabe Abaroa lorategiko jantzez. Zozketaz emon ditue txartelak, gehieneko aforoa bete arte. Hortaz, urtero plazan ohikoa dan jentetzearen ordez, apalagoa izan da Abaroan batu dan kopurua. Halandabe, irrintziak eta giro bikaina ez dira faltau.

San Pedro eguneko egitarauaren ardatza izan da Abaroa jauregia. Kaxarrankea eta andren aurreskua amaitu eta gero, irrintzi txapelketea egin dabe, eta, arratsaldean, zinemea egon da. Jauregi itxia izan zan luzaroan Abaroakoa, baina orain dala urte batzuk berreskuratzen eta konpontzen hasi ziran herritarrak. Pandemiaren eraginez, plazearen lekukoa hartu dau orain, aforoa kontroletako aproposagoa dalako.

 

Argazkiak: Lekeitioko Udala.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu