Guggenheim Bilbao Museoak uriko airea garbitzen lagunduko dau

Bizkaie! 2020-06-29 12:50   Pil-pilean

Museoaren komunikazino-ekintzen ondorioa 700 arbolek airea barriztatzean egiten daben lanagaz alderatu daiteke.

Guggenheim Bilbao Museoak ingurumena hobetzen lagundu nahi dau eta horretarako, komunikazinorako erabilten dituan elementuak deskontaminatzaile aktibo bihurtuko ditu, kalean egiten diran kanpaina grafikoetan gehitutako tratamendu berezi bati esker. Aitatu tratamendu hori fotokatalisia izeneko printzipio naturalean oinarritzen da eta arbolek airea garbitzeko daben gaitasunaren antzeko efektua lortzen dau. Kanpoko komunikazinoko elementuei Pureti® Print izeneko tratamendua emongo jake, besteak beste, ondorego euskarriei: Museoko erakusketen barri emoten dauen fatxadako olana handia, Olafur Eliasson artistearen erakusketearen kanpainako parte diran kale-argietan zintzilikatuta dagozan banderolak, edo Museoak biniloz estaliko dauen tranbia. Pureti® Print teknologia hau NASAgaz lankidetzan landu da eta nazinoarteko hainbat laborategien ziurtagiria lortu dau, hain zuzen, Zamudioko Estudios Durero enpreseak komunikazino grafikoko elementuak egiteko darabilen teknologia da.

Egun Museoak egiten dituan komunikazino-ekintzen ondorioa 700 arbolek airea barriztatzean egiten daben lanagaz alderatu daiteke.

Holan azaltzen dau Juan Ignacio Vidartek, Museoaren zuzendari nagusiak: 'tratamendu hau erabilteak gure uriko airea garbitzea ahalbidetzen dau eta hori aukera parebakoa iruditu jakun Museoak klima-aldaketea geldiarazoteko gure esku dagozan tresna guztiak erabilteko egindako apustuan aurrera egiteko. Gure aretoetan, LED bidezko argiztapena ezartzeari esker energia-konsumoan aurrezpen handia lortu dogu eta, orobat, herritarrei gure programazinoaren barri emoten deutsegun bitartean airea garbitzeko aukerea izateak asko pozten gaitu'.


Pureti® Print

Pureti® Print-ek erabilitako zientzia-oinarria fotokatalisia izeneko printzipioa da. Fotokatalisia eguzkiaren argiak pizten dauen erreakzino kimikoa da eta horren bitartez oxigenoa eta ur-lurruna atmosferea garbitzeko ahalmena daben agente bihurtzen baitira; kutsatzaileak —besteak beste, Nitrogeno oxidoak (NOx), Sufre oxidoak (SOx) eta Konposatu Organiko Hegazkorrak (KOH)— baita bestelako substantziak be —bakteriak, lizunak eta usain txarrak— atrapetan ditu. Tecnaliak be, Espainian fotokatalisiari jagokonez erreferentzia zentroa dan aldetik, teknologia honen eraginkortasuna bermatu dau.

Pureti® Print teknologia Europar Batasunak bultzatutako iSCAPE ikerketa eta garapen proiektuaren barruan da, Europak etorkizunean aurre egin behar deutsen ingurumen-erronkei konponbideak bilatzen saiatzen baita, batez be airearen kalidadea hobetzeagaz eta kutsadurea murrizteagaz zerikusia dabenei. iSCAPE proiektua HORIZON 2020 lan-programearen esparruan sartzen da, Europako Batasunaren ikerketa eta barrikuntza-jarduera gehienak buztartzen baititu.

 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu