Mater ontzi-museo ekoaktiboa Ondarroan egongo da

Bizkaie! 2020-06-29 10:48   Pil-pilean

Itsasoa garbitzearen inguruko jarduerak egingo ditue garagarrilaren 7tik 9ra.

Zero Zabor Uretan kanpainea Ondarroara helduko da datorren astean, Mater ontzi-museo ekoaktiboari esker. Garagarrilaren 7an sartuko da itsasontzia Ondarroako portura, eta 9ra arte hantxe egongo da, itsas hondakinen inguruko kontzientzia zabaltzeko egiten dabilen osterearen barruan. Hondarribian, Getarian, Bermeon, Portugaleten, Bilbon, Mutrikun eta Pasaian be geldialdiak egingo ditu hurrengo asteetan.

Ondarroan egongo dan hiru egunetan, Mater ontzia barrutik ezagutu ahal izango da. Aurretik hitzartu beharko dira bisitaldi gidatuak (619 81 42 25 edo info@mater.eus), doban. Moilan bertan be erakusketa txiki bat ipiniko dabe Zero Zabor Uretan kanpainearen arduradunek.

Hilaren 8an itsasora urtengo dabe uretako zikinkeriak garbitzeko asmoz. Horretan be doban parte hartu ahal izango dabe herritarrek. Hilaren 9ko arratsaldean Ondarroatik Bermeora egingo daben nabigazino kolaboratiboetan egon nahi dabenek, ostera, 50 euro pagau beharko ditue.

Itsasoan gero eta hondakin gehiago dagozala salatu eta botetan dogun zaramearen inguruko kontzientzia zabaltzea da Mater ontziaren ibilaldiaren helburua. Berez, gizakiak eragindako hondakin larregi heltzen dira uretara, baina Covid-19aren krisiaren ondorioz kopuru hori handitu egin dala igarri dabe.

Itsas hondakinen arazoa areagotzen doa ekosistema naturaletan, eta, ondorioz, personen osasunean zuzenean eragiten dau, azaldu dau Izaskun Suberbiola proiektuaren zuzendariak. Kontsumitzaile informaduak eta parte-hartzaileak garrantzitsuak dira, itsasoko zaramearen % 80k lurrean dauelako jatorria, hondakinen gaur egungo kudeaketeagaitik eta gizartearen sensibilizazino eta konpromiso eskasagaitik.

Ondarroaren ostean Bermeoren txandea izango da: Garagarrilaren 10etik 12ra egongo da han Mater, Portugaleteko bidea hartu aurretik. Bizkaiko eta Gipuzkoako portu ugaritan geldialdiak egin eta gero, Pasaian amaituko da uda honetako ibilaldia, 24an.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu