Karta jokoa asmau dabe Covid-19az informazinoa zabaltzeko

Bizkaie! 2020-06-26 10:25   Pil-pilean

EHUko ikasle Eneko Serrano eta Alba Mosteiro dira sortzaileak.

Eneko Serrano eta Alba Mosteiro, karta jokoa erakusten (argazkia: Tere Ormazabal/EHU) | Ikusi handiago | Argazki originala
Alba Mosterio Couso eta Eneko Serrano García EHUko Biokimika eta Biologia Molekularreko graduko laugarren mailako ikasleek Koronabirusen bilakaera molekularra karta jokoa sortu dabe, Covid-19a eragiten dauen birusaren barri modu berezian emoteko, hau da, olgetearen eta ondo pasetearen bidez. Koronabirusen transmisinoa, hilgarritasuna, babesteko moduak... azaltzen ditue, dibulgazino zientifikoaren, ikerketaren eta osasun-sistemearen aldeko aldarria egiteaz batera.
 
Itziar Calvo irakasleak gidatutako Molecular Evolution ikasgairako koronabirusen inguruko informazinoa lantzeko modu berezi baten bila ebizala, Mosteirori eta Serranori webgune bat egitea otu jaken, baina, ondoren, bide ludikoago bat erabiltea aproposa izango zala pentsau eben. Eneko Serranoren idea batetik abiatuta ekin eutsen karta jokoa atontzeari.
 
Buruari eragin eta eragin ibili ginan, informazino guztia joko dibertigarri eta aldi berean hezigarri zelan bihurtu; jokalariak ikerketa zentroen eta sistema sanitarioaren garrantziaz jaubetzea nahi genduan, azaldu dau Alba Mosteirok, EHUk zabaldutako adierazpenetan. Gaurkotasun betean dagoan gaia jorratzeko bide barritzailea eta deigarria, behinik behin, topau dabe.
 
Eneko Serranok jokoaren asmoa holan azaldu dau: Koronabirus klaseko birusen hedapena geratzeko neurriei buruz kontzientzietea da helburua, eta historian agertu diran anduien ganeko informazinoa emotea; izan be, Covid-19a orain arte izan diran hainbat agerralditako bat baino ez da. Ezagutzearen transmisinoa modu entretenigarrian egiten da, irakasle, ikasle eta interesa daben herritarrentzat egokia dan formatuan.
 
Dibulgazino zientifikoaren garrantzia nabarmentzea be bada Mosteiroren eta Serranoren helburua, zientzia irakaskuntzearen esparrutik kanpo be sustatzearen alde dagozalako. Esaterako, telebistan dibulgazinoa sustatzeko saioak, zientzia museoak eta halakoak beharrezkotzat jo ditue. Azkenik, osasun-sistema publikoaren aldeko aldarrikapena be bada mahai-joko barria.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu