Dopinaren Kontrako Euskal Agentziak egingo ditu Euskadiko TKE-ACTko kontrolak
2020-06-25 12:36 KirolaEuskadin dopinaren kontrako burrukea bultzatzeko sortu zan Euskal Agentzia.
Uda honetatik aurrera, Dopinaren Kontrako Euskal Agentzia arduratuko da Euskadin egiten diran TKE-ACTko proba guztietan dopingaren kontrako kontrol guztiak egiteaz. Gaur goizean Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak eta Borja Rodrigo TKE-ACTko presidenteak sinatutako akordioaren arabera, Dopinaren kontrako Euskal Agentziak egingo ditu dopinaren kontrako probak, 2020 denboraldi osoan, ACTk antolatutako lehiaketa bietan: Euskolabel Ligea eta Euskotren Ligea. Akordio horri esker, Dopinaren Kontrako Euskal Agentziak, Euskadin dopinaren kontrako burrukan eskumena dauen erakundeak, beste pausu bat emon dau Europan erreferentziazko erakunde lez finkatzeko.
Bingen Zupiria sailburuak azpimarratu dauenez, akordioa sinatzea aurrerapausu garrantzitsua da Euskadin dopinaren kontrako burrukan jarraitzeko eta Dopinaren Aurkako Euskal Agentzia egiten dagoan lan handia sendotzeko. TKEgaz sinatu dogun akordioari esker, hemendik aurrera Dopinaren Kontrako Euskal Agentziak kontrolak egingo ditu ACTko Euskadiko estropada guztietan eta, beraz, Dopinaren Kontrako Euskal Agentzia erreferentziazko agentzia izango da arraunaren munduan, arraunaren hiru ekitaldi handietan kontrolak egingo dituan bakarra izango baita: Kontxako Banderea, ARC eta, hemendik aurrera, ACTko txapelketak, azaldu dau.
Eusko Jaurlaritzako Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zuzendaritzearen menpeko Dopinaren Kontrako Euskal Agentziak eta TKE-ACTk sinatutako akordioaren arabera, ACTk dopinaren kontrako jarduketak egiteko eskatzen deutso Dopinaren Kontrako Euskal Agentziari, dopin-kontrolak haren lehiaketetan (Euskolabel Ligea eta Euskotren Ligea). Akordio horren arabera, kontrolak lehiaketa barruan zein kanpoan egin ahal izango dira, baina betibe Euskal Autonomia Erkidegoaren eremuan.
Era berean, ACTk dopin-arauak urratzen diranean, jagokon prozedurea aurrera eroateko konpromisoa hartzen dau, baita administrazino eta/edo federazino-agintariek ezarri leikiezan isunak edo behin-behineko etete-neurriak onartzekoa be. Horrezaz gan, Dopinaren Kontrako Euskal Agentziak gitxienez prestakuntza jardunaldi bat egingo dau ACTko kideentzat.
15 urteko lana
Eusko Jaurlaritzako Kirol Zuzendaritzearen eskutik, 2005ean kontrolak egiten hasi ondoren, Eusko Legebiltzarrak Kiroleko Dopinaren Kontrako Legea aldatzea onartu eban 2018an eta bertan berariaz jasoten da Euskal Agentziaren eskumena dala Euskadin dopinaren kontrako burruka egitea. Mueta horretako erakunde bi baino ez dagoz.
Dopinaren Kontrako Euskal Agentziak urtero 300 dopin-kontrol inguru egiten ditu Euskadin antolatutako kirol-probetan, Europako Estadu askotako dopinaren kontrako agentzia askok egindakoak baino gehiago. Dopinaren Kontrako Euskal Agentziak 313 dopin-kontrol egin zituen igaz eta hori maximo historikoa da.
Kontrolak 21 kirol modalidadetan egin ziran, horreen artean, arraunlaritzan (79 kontrol), errepideko txirrindularitzan (52) eta errepideko atletismoan (32) nabarmendu ziralarik. Danetara, 8 isun-espediente abiarazoi ziran (dopinagaitik positiboak ziranak); kontrako emoitza bi izan ziran, baina kasu bi horreetan kirolariek debekatutako substantziak erabilteko baimena eben (kasu bietan terbutalina zan, ohikoa asmatikoetan).
2019an, aurreko urtean baino 18 kontrol gehiago egin zituan (293, 2018an), 2017an baino 19 gehiago (orduan 292 egin ziran) eta 2016an baino 134 gehiago (177). Igaz egindako 311 kontroletatik 7 animaliakaz egin ziran.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!