Woody Allenen film barriak edegiko dau Zinemaldia

Bizkaie! 2020-06-25 12:16   Zinemea

Donostian errodau eben Rifkin's Festival.

'Rifkin's Festival' filmeko eszena bat (argazkia: Quim Vives/Zinemaldia/Mediaproducción, Gravier, Wildside) | Ikusi handiago | Argazki originala

Donostiako 68. Zinemaldiko inaugurazinoan ikusi ahal izango da, lehenengoz, Woody Allen estadubatuarrak zuzendutako azken filma, Rifkin's Festival izeneko komedia erromantikoa. Pelikula horrek lehendik be loturea izan dau Gipuzkoako uriburuagaz, eszena nagusiak han grabau zituelako Allenek eta bere lantaldeak, pasa dan udan.

Irailaren 18an egingo dabe Zinemaldiaren aurtengo edizinoa zabaltzeko ekitaldia eta Rifkin's Festival-en estreinaldia, Kursaalean. Covid-19ak baldintzatutako edizinoa izango da 2020ko hau, baina antolatzaileak betiko martxeari eusten ahalegintzen dabiz. Asteon iragarri dabe Viggo Mortenseni emongo deutsela Donostia Saria, eta orain edegierako filmaren inguruko barria zabaldu dabe.

Zuzendu ez eze, Woody Allenek Rifkin's Festival filmaren gidoia be idatzi dau. Zinemaldira datozan senar-emazte bi dira protagonistak, eta uriaren edertasunagaz harrituta geratzen dira. Zinemearen munduaren glamourrak liluratuta, zinemagile frantziar bategaz maiteminduko da emakumea, eta gizona, ostera, neska donostiar bategaz.

Komedia erromantiko honetako aktore nagusiak Elena Anaya, Louis Garrel, Gina Gershon, Sergi López, Wallace Shawn eta Christoph Waltz dira. Azken honek Oscar sari bi irabaziak ditu. The Mediapro Studio, Gravier Productions eta Wildside arduratu dira produkzinoaz.

Bigarren aldiz zabalduko dau Zinemaldia Woody Allenen film batek. 2004ko edizinoan, Melinda and Melinda aurkezten etorri zan zuzendaria Donostiara, eta inaugurazino ekitaldirako aukeratu eben. Urte haretan, ganera, Donostia Saria emon eutsen Alleni, eta haren obrearen atzera-begirakoa antolatu eben.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu