Veneziako Urrezko Lehoia emongo deutse Luis de Pablori
2020-06-25 09:32 MusikeaKonpositore bilbotarrak musika garaikidean egindako bidea autortuko dau Biurtekoak.
Irailaren 25etik urriaren 4ra egingo dabe Veneziako Musika Biurteko entzutetsuaren hurrengo edizinoa, eta euskal sortzaile bat, Luis de Pablo, egongo da protagonista nagusien artean. Musikagintza garaikidean egin dauen ekarpen zabalagaitik eta bere ibilbide luzean erabili dauen irudimenagaitik, Urrezko Lehoia emongo deutse.
De Pabloren katalogoan 200 obra baino gehiago dagozala nabarmendu dabe antolatzaileek, eta Espainiako eskola garaikidearen aitzindari dala. Konpositore orojale eta guztiz originala, Espainiako musikea barriztetan giltzarri da Luis de Pablo, Veneziako Biurtekoak plazaratutako oharraren arabera. Ibilbide osoagaitik emongo deutse Urrezko Lehoia. Raphaël Cendo, ostera, Zidarrezko Lehoiagaz sarituko dabe.
Jaialdiaren inaugurazino ekitaldian, irailaren 25ean, egingo deutse gorazarrea Luis de Pablori, Teatro alle Tese antzokian. Concierto para viola y orquesta piezearen munduko estreinaldia eta Fantasías-en Italiako lehenengo emonaldia Veneziako saio horretarako gorde ditu euskal konpositoreak.
Bilbon jaio zan Luis de Pablo Costales, 1930ean, eta umetan Hondarribian bizi izan zan. Gaztetan Madrilera joan eta han hasi zan musikagintzan nabarmentzen, Grupo Nueva Música taldean lehenengo, Tiempo y Música zikloaren gidari gero. Kanadan eta AEBetan be ibili izan da, konpositore eta irakasle. Konposizinoan bide barriak urratzea izan da Luis de Pabloren ezaugarri nagusietako bat.
Diskografia zabala ez eze, zinemarako soinu-banda ugari be baditu eginak. Antxon Ezeiza, Carlos Saura, Víctor Erice eta beste askorentzat lan egin dau. Sariei jagokenez, besteak beste, Bizkaiko Foru Aldundiaren Makilea, Espainiako Musikearen Sari Nazionala eta Donostiako Musika Hamabostaldiaren omenaldia jaso ditu.
Veneziako Musika Garaikidearen 64. Biurtekoan 28 lan barri aurkeztuko ditue, tartean 15 munduko estreinaldi. Gaur egungo sortzaile ugariri omenaldia egiteaz gan, tartean Luis de Pablori, urteurrenak be gogoan izango ditue: Bruno Maderna, Luigi Nono, Franco Donatoni, Ludwig van Beethoven...
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!