Bilboko Udalak kultur proiektuak batu eta babestuko ditu

Bizkaie! 2020-06-24 13:26   Kulturea

Uriaren programazinoan txertatuko dira.

Zuzeneko laguntzok Bilboko Udalak COVID-19ak sortutako krisiaren ondorioak arintzeko onartutako #BilbaoAurrera ezohiko neurrien planaren parte dira. Ekimen honetara 211.145 euro bideratuko dira eta helburua da urian kultur jarduerak sustatzea eta uriko kultur eragile eta erakundeak babestea.

Proiektuak 2020ko garagarrilaren 30era arte aurkeztu ahal izango dira, euskeraz nahiz gaztelaniaz, posta elektronikoko helbide honetan: cultura@bilbao.eus.

Bilboko Udaleko Gobernu Batzordeak, gaur goizeko bilkuran, Kultur Proiektuen Bilduma bat sortzea onartu dau. Proiektu horreek uriaren 2020ko programazinoan sartuko dira eta, beraz, Udalak Bilboko kulturearen eta sormenaren alorreko profesionalen eta erakundeen proposamenak jasoko ditu, sektorea dinamizau eta COVID-19ak uriko kultur eragilen artean eragindako ondorioak arintzeko asmoz.

Moltzo edo bilduma horretan gehienez be 20 proiektu egongo dira; horreen bidez, 2020. urtean Bilboko kultur programazinoa eta bizitzea aberasten dituen proposamenak sortuko dira. Edozein kultur edo sormen alorretako proiektuak onartuko dira, berbarako arte bisualak, arte eszenikoak, ondarea, musikea, ikus-entzunezkoak eta multimedia, liburuak eta prensea, artisautzea, arkitekturea, publizidadea eta komunikazinoa, bideo-jokoak, diseinua, modea, gastronomia eta zeharkako jarduerak, besteak beste.

Moltzoan sartzeko eskaerea egiteko, hiru eranskin bete beharko dira, www.bilbao.eus webgunetik deskargau daitekezanak.

Ekimen honek guztira 211.145 euro ditu, eta Bilboko Udalak COVID-19 gatxak eragindako krisiaren ondorioak arintzeko onartutako #BilbaoAurrera ezohiko neurrien planeko zuzeneko laguntzen artean dago; plan horrek 15 miloe euro ditu eta horreetatik 11,4 miloe ekonomiaren eta enpleguaren esparrura bideratuko dira, 2,2 miloe gizarte-kohesinorako eta 1,2 miloe kulturearen sektorera joango dira.

Informazino gehiago Kultura Sailean, cultura@bilbao.eus, 94 420 48 70 (goizez).

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu