Kultur sektorea babesteko laguntzino bereziak iragarri ditu Jaurlaritzeak
2020-06-24 13:24 KultureaOsasun larrialdiari aurre egiteko plana da, urteroko deialdietatik apartekoa.
Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak 2.645.000 euroko laguntzino sortea aurkeztu dau, Covid-19aren pandemiak gogor jo dauen kultur sektoreari bultzadea emoteko asmoz. Atal nagusi bitan banatuta dator partida berezia: MikroETE diralakoentzako deialdia batetik; bost arlo jakinetara bideratutakoak, bestetik. Liburugintzea, ilustrazinoa, zinemagintzea, arte plastikoak eta katalogazino-digitalizazinoa dira horreek bostak.
Donostian aurkeztu ditue laguntzino bereziok, urteroko ohiko deialdiez apartekoak, Jaurlaritzako eta beste erakunde batzuetako ordezkariak bertan dirala. Bingen Zupiria Kultura sailburua, Joxean Muñoz Kultura sailburuordea, Aitziber Atorrasagasti Kulturea Sustatzeko zuzendaria, Mikel Aizpuru Kultura Ondarearen zuzendaria eta Irene Larraza Etxepare Euskal Institutuko zuzendaria egon dira.
Personen artean pandemiak sortu dauen minaz gan, alarma-egoerea eta pandemia gelditzeko hartutako neurriak ondorio nabarmenak izaten dabiz, gizarte mailakoak zein ekonomikoak. Ondorio horreek nabarmenak dira sektore batzuetan, eta kulturea da, hain zuzen, horreetako bat, adierazo dau Zupiriak. Ondorio txar horreek arintzea da laguntzinoen helburua eta aurrerapauso bat gehiago egitea sormen-jarduerea bultzatu eta kulturako enpresen jarduera babesteko lanean.
MikroETEentzako laguntzinoen kasuan, miloe bi euro banatuko ditu Jaurlaritzeak kulturgintzan dabizan enpresa txikien artean. Onuradun bakotxari 10.000 euro emongo deutsez gehienez. MikroETEen barruan sartzen dira soziedadedun persona autonomoak, soziedadeak eta alkarteak.
Gastu finkoak pagetan laguntzeko deialdia da: Lantokiaren alokairua, garraioa, telefonoa, internet, interesak eta halakoak. Covid-19aren ondorioz enpresa edo autonomoaren jardun kulturala nabarmen txikitu dala frogatu beharko dabe eskatzaileek, hau da, jarduerak bertan behera itxi behar izan dituela edo fakturazinoa % 75 edo gehiago bajatu dala igazkoaren aldean.
Kulturgintza profesionala eta sektoreko jarduera ekonomikoa bultzatzea danez deialdiaren helburua, kulturgintzan modu amateurrean dabizanak ezin dira aurkeztu laguntzinootara. Behargin edo alkarte profesionalek eskatu leikiez.
Bestetik, kulturgintzako bost arlo zehatz babesteko deialdien ezaugarriak honeek dira:
- Liburugintzea: Euskeraz edo Euskal Autonomia Erkidegoan argitaratutako liburu gehiago erosiko deutsez Jaurlaritzeak liburu-dendei, Euskadiko Liburutegi Publikoen Sarerako. Argitaletxeek eta liburu-dendek pandemian izandako galerak arintzea da helburua.
- Ilustrazinoa: Hogei artistari ilustrazino bina eskatuko deutsez. Euskal Irudigileen Alkarteak aukeratuko ditu marrazkilariak, alorreko profesionalen artean, eta lan guztiak liburu baten batu eta argitaratuko ditue.
- Zinemagintzea: Konfinamenduaren inguruan fikzinozko zortzi film labur egitea sustatuko dau Jaurlaritzeak, gero banaka edo film luze bakar batean moltsokatuta banatu eta merkaduan zabaltzeko. Zineuskadiren bidez 240.000 euro emongo ditu, eta EiTBk beste 100.000 erabiliko ditu eskubideak erosteko.
- Arte plastikoak: Ezohiko erosketea egingo dabe, euskal artistek sortutako obrak eskuratzeko. Gasteizko Artium Museoaren, Bilboko Arte Eder Museoaren eta Donostiako Tabakaleraren artean erabagiko ditue erosketearen erispideak.
- Katalogazino-digitalizazinoa: Erkidegoan kaleratutako diskoen karatulak katalogau, digitalizau eta aztertzeko proiektua martxan hasiko da, Euskadiko Liburutegi Digitaleko funts hori horniduteko. Eresbil arduratuko da prozesuaz.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!