'Eskualdea' programea Araban

Bizkaie! 2020-06-24 08:32   Kulturea

Bagilaren 27an, Oroko Santutegira joateko emon izena hemen.

Eskualdea programeak datozen asteotan ekingo deutso barriro jarduereari, Mario Paniego, Raisa Álava eta Oihane Amurrioren banakako lanak aurkezteko. Arabako Foru Aldundiko Kultura eta Kirol Sailak, Arabako Kulturearen Plan Estrategikoaren barruan, eta Artium Museoaren lankidetzeari esker, sorkuntza eta pentsamendu garaikidea Arabako gizarte osora hurreratzeko eta landa-eremuaren eta uri-eremuaren arteko hartu-emonei buruzko hausnarketea sustatzeko programa honen deialdian hautatutako artistak ditugu Mario Paniego, Raisa Álava eta Oihane Amurrio. Paniegok Gorbeialdeko ingurune naturaleko zenbait lekutan egindako esku-hartzeak aurkeztuko ditu; Amurriok, barriz, Bastidan gauzatu dau bere proiektua, eta Álavak, Amurrion.

Eskualdea programea (Arabako Foru Aldundiak eta Artium Museoak sustatutako komisariotza eta produkzino programea, Arabako Lurralde Historikoan esku-hartze artistikoak egitea helburu dauena, arte garaikidearen eta lurraldearen arteko gurutzaguneak sustatuz) martxan jarri da barriro, COVID19k eragindako geldialdiaren ondoren. Datozen hiru asteetan, 2019ko deialdian hautatutako artisten proiektuak aurkeztuko dira: Raisa Álava, Oihane Amurrio eta Mario Paniego dira artistok.


Noraezean / Sin rumbo fijo

Mario Paniego artisteak gure etorkizun ekonomiko, politiko eta produktiboari buruzko hausnarketa bat dakar Noraezean/Sin rumbo fijo lanean, bai eta etorkizun horrek planetako bizitzeagaz dauen bateragarritasunari buruzko gogoetea be. Gorbeialdeko Kuadrillako zenbait mendi-ibilbidetan kokatutako hainbat esku-hartze artistiko gogoeta-eragileren bidez egiten dau hori. Esku-hartze horreetan, gure geografiako ingurune naturaletan hain ugari dan seinaletika imitetan daben mezu batzuk aurkezten ditu, ingurumena errespetetan daben metodo eta praktikak erabiliz produzidutako euskarri batzuetan. Bersino barri horreek hainbat gairen inguruan gogoetea egiteko mudua dakartso ikusleari, ingurune naturalagaz dogun loturea aztertzu daigun, hain zuzen be. Proposamen horren helburua, egilearen berbetan, hau da: Gure kontzientziak aktibau eta geure burua gure naturearen aurrean kokatzea, adimenaren eta esfortzu-ahalmenaren bidez gure zenbait bizi-ohitura aldatzeko bultzadeaz gan.

Seinaleak lau ibilbidetan kokatu dira, Zuia eta Zigoitia udalerrietan: 1) Zigoitia. Arrato mendilerroa Letonatik; 2) Zuia. Oroko Hatxak Bitorianotik; 3) Zuia. Baia ibaia (La Encontrada); eta 4) Zuia. Jugatxiko baseleizea Murgiatik. Ibilbideen planoak Artium Museoaren webgunean dagoz eta hemen: www.gorbeiaeuskadi.com.

Proposamen horri jagokonez, datorren zapatuan, bagilaren 27an, ibilaldi bat antolatu dabe Oroko Santutegira, gitxi gorabehera 4 ordukoa. Urtekerea Bitorianotik izango da, 9:30ean eta 6 kilometro inguruko ibilbide zirkularra izango da. Bidean, zenbait geldialdi egingo dira piezetako batzuk ikusteko. Parte hartu nahi dabenek izena emon behar dabe helbide elektroniko honetan: eskualdea@gmail.com. Parte-hartzea librea da, baina plazak mugatuak dira.

Proiektu hori aurrera eroan ahal izateko, artistak Zuiako eta Zigoitiko udalen babesa izan dabe, bai eta inguruagaz sensibilizauta dagozan eta bertako giza, natur eta kultur ondarea jagon, berreskuratu eta balioesteko lanean urteak daroezan inguruko boluntarioena be.


Ilustrazinoa, zeramika garaikidea eta performance-ekitaldia

Paniegoren proposamenaren ondoren, Raisa Álavaren Fotonobela erakusketearen txandea izango da, Amurrioko La Casonan. Erakusketea 2019ko amaieran hasitako lan-prozesu baten emoitzea da. Prozesu horretan, Arabako artisteak zeramika-lantegi batzuk eskaini zituan, Aiarako emakume talde bategaz batera. Raisaren lanaren emoitzea garagarrilaren 3tik 31ra bitartean egongo da ikusgai eta egiten dauen proposamena komikiaren, argitalpen-prozesuaren eta zeramika-instalazinoaren arteko buztarketea da datza.

Oihane Amurriok, barriz, garagarrilaren 10ean, Gorputza espazio batean traumatizatua performancea aurkeztuko dau, Mugako San Andres Komentuko hondakinetan, Bastidan. Proposamen horretan, espazioaren, argazkiaren eta performancearen esperientziaren bidez, artisteak bere nortasunean arakatzen dau, artisten lanak egungo gizartean jokatzen dauen zereginaz eta dauen balioaz hausnartzen dauen bitartean.

Oharra: ekitaldi guztiek beharrezko segurtasun-neurriak izango ditue, osasun-agintarien jarraibideei jarraituz.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu