Haurreskolak zabalik, muga handiakaz

Bizkaie! 2020-06-22 08:02   Pil-pilean

Lantokira joan behar daben gurasoen seme-alabak baino ezin dira sartu.

Hiru hilabete baino gehiago zarratuta egon eta gero, Haurreskolak sareko zentroak zabalik egongo dira gaurtik, Eusko Jaurlaritzeak holan agindu dauelako. Bat baino gehiago harritu dau erabagiak, berez irailera arte ikasturtea ez zala hasiko iragarri ebelako. Baina, lanean dabizan gurasoen kontziliazinoa hobetzeko, muga handiakaz edegi ditue Haurreskolak.

Edukierearen % 60 beteko dabe umeek gehienez, baina zentro gehienetan askoz be txikiagoa izango da benetako okupazinoa: % 15 ingurukoa, Jaurlaritzearen ustez. Izan be, ume guztiak ezin izango dira bueltau, lantokira joan behar daben gurasoen seme-alabentzat baino ez dabe zabaldu Haurreskolak sarea.

Hain zuzen be, telelanerako aukerarik ez dabela edo kontziliazinoa ezinezkoa jakela agiri baten bidez frogatu beharko dabe gurasoek, umeak Haurreskoletara bialtzeko. Osasuna bermatzeko, hezitzaileek eta umeen senideek astean bitan jakinarazo beharko dabe ez dabela koronabirusik. Horrezaz gan, garbitasuna zorrotz jagongo dabe zentroetan sartzeko orduan eta umeak bertan dagozanean.

Garagarrilaren amaierara arte egongo da indarrean Jaurlaritzaren plana Haurreskolak sarean. Beraz, orain indarrean sartu diran arauak eta murrizketak hurrengo hilera artekoak izango dirala pentsau leiteke. Irailean hasiko da modu ofizialean hurrengo ikasturtea, baina oraindino Hezkuntza Sailak ez dau esan ze baldintzatan. Hortaz, beharginek eta sindikatuek argibideak eskatu ditue.

Haurreskolak sare publikokoak ez eze, alor pribaduko haurreskolak be zabaltzen hasi dira Araba, Bizkai eta Gipuzkoan. Batzuek egunak daroez zerbitzua emoten. Nafarroan, ostera, gaur edegi ditue haurreskola publikoak, gela bakotxeko edukierea mugatuta.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu