Kepa Junkerari emon deutse 2020ko Adarra Saria

Bizkaie! 2020-06-19 10:34   Musikea

Euskal musikan eragin bereziko ibilbidea daben artistak saritzen ditu Donostia Kulturak.

Donostiako Udalaren barruko Donostia Kultura erakundeak erabagi dau 2020ko Adarra Saria Kepa Junkera musikari bilbotarrari emotea. Ebatzia emon dauen epaimahaian egon dira Juan G. Andrés kazetaria, Irene Larraza Etxepare Institutuko zuzendaria eta Jaione Askasibar Donostia Kulturako Komunikazino eta Irudi zuzendaria.

2014an sortu eben saria, euskal musikan eragin bereziko ibilbidea daben, edo izan daben, artistak omentzeko. Aurreko urteetan Mikel Laboa, Ruper Ordorika, Benito Lertxundi, Fermin Muguruza, Anari eta Berri Txarrak saritu ditue.

Kepa Junkera Urraza (Bilbo, 1965) trikitiaren barritzaile nagusietako bat izan da azken hamarkadetan, tresna tradizional hori erritmo barrietara egokitzeko eta beste estilo bateko taldeakaz buztartzeko egin dauen lanagaitik. Oskorrigaz eta orduko beste artista batzukaz hasi zan oholtzan, 1980ko hamarkadan, baina laster heldu eutsan bere ibilbide bereziari.

Disko ezagunak kaleratu ditu, beti bide barrien bila, baina trikitia oinarri dala. Bilbao 00.00h (1998), Maren (2001), Hiri (2006), Etxea, Kalea eta Herria trilogia, Maletak (2016) eta beste asko dagoz Junkeraren diskografia zabalean. Sariak eta autortzak Euskal Herritik zein kanpotik heldu jakoz (Latin Grammy 2004an, Bilboko jaietako pregoilari 2007an...).

Adarra Sarietako epaimahaiak arrazoi ugari aitatu ditu Junkeraren alde egiteko: Disko-produkzino ezin baliotsuagoaren bidez euskal musikeari egin deutsan ekarpen handia; zuzeneko emonaldiak estilo, jatorri eta tradizino guztietako musikariakaz; jakinmina eta egokitzeko gaitasuna; nazinoarteko proiekzinoa; birtuosismoa; tradizinoaren aldeko atxikimendua eta begirunea eta barrikuntzarako gaitasuna; eta estilo bat sortu eta artista barriei aukerak edegi izana.

Normalean bagilaren 21ean, Musikearen Europako Egunean, emoten jako Adarra Saria urte bakotxeko irabazleari. Aurten, baina, ekitaldi hori ez da egingo, Covid-19 gatxagaitik, eta aurrerago emongo deutsie saria Junkerari. Marijose Rekalde artista nafarraren brontzezko eskulturea da saria.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu