Gaztelugatxe ONCEren kupoiaren protagonista

Bizkaie! 2020-06-18 13:35   Pil-pilean

Bagilaren 25an zozketatuko da.


Kupoiaren aurkezpenean izan dira Aritz Abaroa Bermeoko Alkateak; Juan Carlos Andueza, Euskadiko ONCEren lurralde ordezkaria, eta Manuel Checa, Bermeoko ONCEren agente saltzailea.

Bermeoko Gaztelugatxe ONCEko kupoiaren protagonista da eta 5,5 miloe kupoik zabalduko dabe hain esanguratsua dan lekua. Erakundeak Gaztelugatxeri eskainiko deutso bagilaren 25ean zozketatuko dan kupoia. Alarma egoerea dala eta ONCEk hiru hilebete zozketarik bako tartea gainditu ondoren kupoi hau izango da barriro Euskadiko gai bati eskainiko deutsona.

Estatu mailan 19.000 agente saltzaileek (500ek Euskal Erkidegoan) jarriko ditue salgai 5,5 miloi kupoiak, www.juegosonce.es webgunean eta baimendutako establezimendutan be erosi ahal izango da.

ONCEk bere kupoietan jazoera esanguratsuenak islatzen jarraitzen dau eta eskerrak emoten deutsee herritarrei joko-produktuak erosten dituenean erakundean jarten daben konfidantzeagaitik, horreei esker bermatzen baitira ONCEra afiliautako persona itsuei eskaintzen jakezan zerbitzuak. Euskadin ONCEk 3.400 persona afiliatu ditu eta 500 agente saltzaile inguru dabiz joko-produktuak merkaturatzen. ONCE Euskadik 2019an 25,3 miloe euroko sariak emon zituan Euskal Autonomia Erkidegoan eta joan dan bagilaren 15ean berreskuratu ditu zozketak barriro.

ONCE Euskadik sari ugari emoten ekin eutson urteari eta alarma egoerearen aurretik aurten 3,2 miloe euro emon ditu Euskal Autonomia Erkidegoan. Eguneroko Kupoiak 35.000 euroko 55 sari eskaintzen ditu, 1,5 euroren truke. Gainera, bezeroak aukerea dau, 0,5 euro gehiago ordainduta, saila be jokatzeko eta 3.000 euroko pagea irabazteko, 25 urtez hilero, 35.000 euroko sariari gehituko jakona.


Gaztelugatxe

Gaztelugatxe magiaz betetako lekua da. Bermeotarrentzat espazio berezia da eta oso lotuta dago historiagaz, tradizinoagaz eta nortasunagaz. Kokagune garrantzitsua da herriarentzat, bizilagunentzat eta bizkaitar guztientzat be. Gainera, sakonean, itsasoak kolorez betetako arrezifeak eta Begoñako Ama Birjinearen irudia ezkutatzen ditu. Gerra ugariren babesleku izan zan, adibidez, Gaztelako Koroaren kontrako erresistentziarena. Aldi berean, Erdi Arotik erlijino-sinismen eta ohituren erreferente da.

San Juan egunean, bagilaren 24an, bermeotar eta bisitari askok erromesaldia egiten dabe baseleizaraino eta jente asko joaten da promesak betetan edo santuari eskerrak emoten. Sasoi batetik hona, baseleizara heltzen diranek 3 kanpaikada joten ditue.

Gaztelugatxeko erritual erlijiosoak itsasoari lotuta dagoz. Bermeoko arrantzaleek, gaur egun be, ontziratu eta ugartetxuaren ingurura hurreratzen jarraitzen dabe, santuari kostera on bat izan deiela eskatzeko; horren adibide ona da baseleizearen barruan zintzilik dagozan objektuak ikusgai dagozala: itsasontzien maketak, pinturak, argazkiak eta bestelakoak. Itsasgizonek eta arrantzaleek santuari egindako eskaintzak dira, ontzia babestu daian.

Kontuak kontu, 241 eskailera igon behar dira Gaztelugatxeko tontorrera heltzeko eta elezaharraren arabera, santuak hiru pausu besterik ez zituan behar izan Bermeotik ermitara heltzeko.

Gaztelugatxe babestutako biotopo batean dago eta Urdaibaiko biosferarako sarbidea da.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu