Enkarterriko Museoak teknologia barriak eta kultur ibilbideak bateratu ditu
2020-06-18 12:13 KultureaIbilbideak google earth plataformea erabilita eskuko telefonotik zuzenean konsultetako pentsauta dagoz.
Bizkaiko Batzar Nagusiak jaube diran Enkarterriko Museoak oinez edo bizikletaz egiteko ibilbideak diseinau ditu, Enkarterrik gordetan dauen kultur eta natura ondare aberatsa ezagutzeko. IbilbiDEM proiektuaren helburua inguruko kulturea eta turismoa bultzatzea eta ingurumena ezagutuarazotea da eta, horretarako, Enkarterriko Museoa eta Abellanedako Batzarretxea hartu ditue ardatz.
Etorkizunean ibilbide gehiago gehituta zabalduko dan IbilbiDEMek zortzi ibilbide erraz, atsegin eta kulturearen ikuspegitik erakargarri jasoten ditu. Ibilbideak jente guztiarentzat egokituta dagoz. Ekimena aukera ona da eskualdeko kultur eta ingurumen ondare aberatsa ezagutzeko eta oso-osorik beteten ditu osasun arloko agintariek Covid19ari aurrea hartzeko personen artean tartea gordeteko ezarritako neurriakaz, ibilbideak modu librean eta ingurune natural edegian egingo diralako.
Ibilbideak Enkarterriko museoko webgunean deskribiduten dira, eta google earth aplikazinoagaz diseinau dira. Hori da barrikuntza nagusia, sistema horrek erakarpen eta moldakortasun handia emoten dauelako; aplikazinoa behera kargau ostean, erabiltzaileak bere eskuko telefonoko pantailearen bitartez ikusi ahal izango ditu ibilbide bakotxeko intereseko puntu guztiak eta zehetasun garrantzitsuenak (mapea, aireko bisitak, goitik egindako grabazinoak, ingurunea...…). Helburua, ibilbidea egiten daben guztientzat gida izatea da, automobilez edo bizikletaz joateko edo ibilbidea oinez egiteko. Ibilbideak museoaren webgunetik hartu daitekez.
Horren bitartez, Bizkaiko Batzar Nagusiek beste tresna bat emon gura deutse bizkaitarrei, modu librean, Museoaz eta Abellanedako Batzarretxeaz gan, Enkarterriko ingurune natural eta kultural osoa ezagutu deien, modu erakargarrian eta dibertigarrian. Familientzako, lagun taldeentzako eta ibilbidea egin gura daben guztientzako dago pentsauta, eta Enkarterriko Museoak Enkarterriko ondare aberatsa ezagutuarazoteko sustatzen dituan kulturako jarduerei gehitzen jake.
Ibilbide laburrena 3,5 km-koa da, eta luzeena 11 kilometrokoa. Enkarterriko bihotzean sartzen dira, eta eskualdeko bailara nagusien ikuspegi ikusgarriak eta kultureagaz eta industriagaz lotutako iraganaren aztarnak erakusten ditue, berbarako, errege galtzadea eta jauregiak, torreak, jaunen etxeak, ehun urte baino gehiagoko baserriak, baseleizak, eleizak, burdinolak eta meatzaritzako iraganaren aztarnak ikusgai geratzen jakuz. Enkarterriko Museoak akordioa lortu dau Enkarturregaz, IbilbiDEMeko ibilbideak zabaltzeko eta bultzatzeko.
IbilbiDEM
· Ubieta tontorrera eta Larreara igoerea, 6 kilometroko igoerea da (edo 8koa, Larrea tontorrera heldu ezkero). Joan-etorria 12 edo 15 kilometrokoa da. Ibilbide guztien artetik menditsuena da, igoerea Museotik bertatik zuzenean abiatzen dan asfaltautako pistatik egiten dan arren.
· Ibilbideak Errege Galtzadatik. Hainbat udalek Kadaguako errege galtzada zaharraren tarte batzuk egokitu ditue, paseorako. Beste tarte batzuk auzoko bide xume bilakatu dira. Errege Galtzadea ezagutzeko hiru ibilbide ezarri dira:
I. Ibilbidea Errege Galtzadatik. Hasteko, bisitea egingo dogu Museora. Automobilez joango gara Balmasedara eta bertan, Kadagua errekearen ondotik, Balmasedaraino ailegetan dan bidea hartuko dogu. Urteak daroaz bidegorri moduan egokituta, eta La Mella eta La Herrera (Zalla) ingururaino heltzen da. Bertan ondare zabala dago (Terreros Torrea, Taramonako eskolak, etab.). Errekaren ondotik doa, landaredia handiaren artean. Oinez egin behar dan tarteak sei kilometro ditu.
II. Ibilbidea Errege Galtzadatik
Hasteko, bisitea egingo dogu Museora. Automobilez joango gara Ibarraraino (Zalla) eta bertan, Kadagua errekaren ondotik, Gobeo auzotik, La Herreraren (Zalla) hasierara ailegetan dan bidea hartuko dogu. Tarte bat auzoko bidea da, eta beste batek urteak daroaz bidegorri moduan egokituta. Ondare zabala ikusten da (baserriak, Gobeoko torrea eta jauregia), Bolunburuko parke naturala (bertako burdinola, torrea, baseleizea...) eta La Herrera auzoaren hasieraraino heltzen da. Oinez egin behar dan tarteak sei kilometro inguru ditu.
III. Ibilbidea Errege Galtzadatik. Hasteko, bisitea egingo dogu Museora. Automobilez joango gara Soduperaino (Gueñes) eta bertan, Kadagua errekearen ondotik, Atxeta kaletik, Gueñeseko Andra Mari eleizara heltzen dan bidea hartuko dogu. Gueñeseko erreka ondoko auzoak (Bolibar, Errekalde, Santxosolo, etab.) lotzen dituan auzoko bidea da. Ondare zabala ikusteko aukerea emoten dau (baserriak, Santxosoloko San Martin baseleizea, Gueñeseko udaletxea, Andra Mari eleizea...) eta Kadagua errekearen ibarren ingurunea be hartzen dau. 11 kilometro dira.
· El Alisaleko (Sopuerta) meatzaritzako ibilbidea. Hasteko, bisitea egingo dogu Museora. Automobilez joango gara El Castañoraino (Sopuerta) eta bertan, El Alisaleko meatzaritzako auzora eroango gaituen bidea hartuko dogu. Beste mota bateko paisajea da, etxeak desbardinak dira eta burdin mineralaren ustiapen historikoak asko aldatu ditu inguruneak. Ustiapenaren garaian jente asko bizi zan bertan eta El Alisaleko auzoari Galizia esaten eutsien, handik etorritako behargin asko egoalako bertan. Ondareari jagokonez, erreketako Lindeko labeak edo meategietako jantokia azpimarratu behar dira. Auzoetako bideen artetik doan 3,5 kilometroko ibilbide laburra da.
· Ibilbideak Gordexolatik: Proiektuaren lehenengo fase honetarako Gordexolatik egingo diran ibilbide bi jasoten dira:
I. Gordexola Bideak ibilbidea: Hasteko, bisitea egingo dogu Museora. Automobilez joango gara Molinarreraino (Gordexola) eta bertan, El Verdugal eta Isasi auzoetara eroango gaituen bidea hartuko dogu. Inguru horreetan ikuspegi bikainak eukiko doguz, eta aspaldiko baserriak eta eraikin interesgarriak ikusi ahal izango doguz, Isasiko Santutegia edo San Jose Babesetxea (1883), beste batzuen artean. Bertatik Zubietera ailegauko gara, Zubieteko eta Oxirandoko torreak eta bertan kontserbetan diran baserri interesgarriak ikusteko. Bideak Gordexolako Galtzada zaharraren parte bat hartzen dau. Barriro Molinarrera helduko gara, eta bertan indianoen etxeak edo San Juan eleizea ikusi ahal izango doguz. Oinezko ibilbideak 6 kilometro inguru ditu.
II. Rodaiega-Urdanegi ibilbidea: Hasteko, bisitea egingo dogu Museora. Automobilez joango gara Allenderaino (Gordexola) eta bertan Rodaiega bailaratik eroango gaituen bidea hartuko dogu. Paraje natural eder horretan Rodaiegako auzoa dago eta Urdanegiko Jauregi ikusgarrian amaitzen da. Ibilbidea 7 kilometro ingurukoa da.
· Traslaviña-La Reneja (Artzentales) ibilbidea: Hasteko, bisitea egingo dogu Museora. Traslaviñan (Artzentales), La Paraya eta Laiseka auzoetara eroango gaituen bidea hartuko dogu. Bertatik, La Renejara heldu eta oso-osorik sartuko gara bailaran. Oso leku ederra da eta amaieran, Kolitza tontorra dago. Auzoko bidetik Regomedo herrixkara helduko gara eta bertatik Traslaviñara itzuliko gara. Ondareari jagokonez, inguruko baserriak, Enbajadorearen txaleta edo Traslaviñako ondarea azpimarratu behar doguz. Oinezko ibilbideak 6 kilometro inguru ditu.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!