Vaíllo eta Irigaray arkitektoek barriztauko dabe Bilboko Euskal Museoa

Bizkaie! 2020-06-17 13:44   Kulturea

Eko nekta izeneko proiektua aurkeztu dabe nazinoarteko lehiaketara.

Euskal Museoaren klaustroa (argazkia: Bilboko Udala) | Ikusi handiago | Argazki originala

Bilboko Euskal Museoa goitik behera barriztauko dabe, barru eta kanpo, Bilboko Udalak eta Bizkaiko Foru Aldundiak azaldu dabenez. Nazinoarteko lehiaketa publikora aurkeztutako proiektu guztiak aztertu, eta Antonio Vaíllo eta Juan Luis Irigaray arkitektoen estudioarena aukeratu dabe museoaren arduradunek, Eko nekta izenekoa.

Lehiaketea irabazteagaitik 18.000 euroko saria emongo deutsee Nafarroan kokatutako estudioari, eta lau hile izango ditu exekuzino-proiektu zehatza aurkezteko. Jordi Garcésen Hasieraren hazia eta Juan Beldarrain Santosen Sustraia biziak izan dira lehiaketan bigarren eta hirugarren, hurranez hurran, eta 12.000 eta 6.000 euro jasoko ditue. Bederatzi proposamen lehiatu dira guztira.

Euskal Museoa euskal kulturearen nazinoarteko ate bihurtu eta bisitari kopurua hirukoxteko helburuak izango ditu erabarritze lan sakonak, euskerea eta euskal kulturea ardatz dirala. Museoak ehun urte beteten dituanerako hori guztia prest izatea da asmoa.

Hogei miloe euroko aurrekontu potoloagaz, museoaren eraikina egokitu eta modernizauko dabe Vaíllok eta Irigaraik. Era berean, barruko erakusketak berrantolatuko ditue, diskurso museografiko barria sortuz, azpimarratu nahi diran kontzeptuen arabera.

Museoa hartzen dauen XVII. mendeko eraikin nagusia nabarmentzea da proiektu irabazlearen asmoetako bat, eta klaustroa erakusketa-espazioaren erdigune bihurtzea. Museoko gune bakotxa agertoki bat izatea aurreikusi dabe, narrazinoa askotarikoa izan daiten, horrek ikusmin handia eragiten deutsalako bisitariei, eta jarrera aktiboa hartzera bultzatu.

Proiektu irabazlea aukeratu dauen epaimahaian honeek egon dira: Mikel Ocio, Matxalen Acasuso, Elisa Valero Ramos eta Iñigo Basañez arkitektoak; Zuriñe Antoñana zaharbarritzailea; Cristina Novoa museografoa; eta Arantza Cuesta historialaria. Epaimahaiaren idazkaria Iñigo Villate izan da, eta mahaiburua, Bilboko Kultura zinegotzi eta Bilbao Bizkaia Museoen Administrazino Kontseiluko presidente Gonzalo Olabarria.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu