‘Bidegileak’ bildumako azken lau aleak aurkeztu ditue

Bizkaie! 2020-06-17 13:02   Kulturea

Joxe Arratibel, Miren Jone Azurza, Txillardegi eta Xole Erbitiren pentsakerea eta lana batu ditue.

Estibaliz Alkorta Eusko Jaurlaritzako Euskerea Sustatzeko zuzendariak Bidegileak bildumako azken lau aleak aurkeztu ditu gaur, 33 urte bete dituan proiektu honi amaierea emonez. Ekimen honen helburua urte honeetan guztietan izan da euskalgintzan aitzindari izandako persona eta taldeen pentsakera, bizitza eta lana ezagutzera emotea, eta honakoak dira azken lau aleetako protagonistak: Joxe Arratibel Zurutuza, Miren Jone Azurza Aristegieta, Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegi eta Xole Erbili Arbilla. Danetara, proiektua 1987an abian jarri ebenetik, 272 euskaltzale eta talderen ibilbideak ezagutarazo dira ekimen honen bitartez.

Alkortagaz batera, prentsaurrekoan izan dira azken aleetako egileak: Elixabete Garmendia, Miren Jone Azurzaren inguruko liburuxkearen egilea; Jose Luis Txipi Ormaetxea, Jose Luis Alvarez Enparantzaren inguruko liburuxkearen egilea; eta Alberto Barandiaran, Xole Erbitiren inguruko alea egin dauena. Joxe Arratibelen inguruko alea egin dauen Miel Anjel Elustondo ezin izan da bertaratu.

Euskerea Sustatzeko zuzendariak Bidegileak proiektuaren ekarpena nabarmendu dau: Ezin dogu ahaztu nondik gatozen, ezta nor garen be. Eta horretarako tresna ezin hobea da Bidegileak bildumea. Belaunaldi barriek horren bidez aukerea izan dabe euskerearen bilakaerearen barri izateko. Gaur egun normaltzat eta betikotzat joten dogun euskera batua eta euskerearen erabilerea hezkuntzan, komunikabideetan, administrazinoan eta gizarteko beste esparru batzuetan (aisialdia, ingurune digitala..) herri-erakundeek eta euskalgintzeak 30 urteotan euskerea biziberritzeko asmoz bultzatutako hizkuntza-politikearen emoitzea da. Hori sakontzen eta areagotzen jarraitu beharko dogu.

Aurreko liburuxka guztiak bezela, azken lan honeek lau aletako sorta batean argitaratu dira. Liburuxkak aspaldi idatzi baziran be, urte hasieran inprimidu ziran. 2.300 ale editau dira eta, horregaz batera, aurreko liburuxka guztiak bezela, euskadi.eus webgunean sartu ditue. Bertan konsultau daiteke Bidegileaken ibilbidean zehar landutatako euskaltzaleen zerrendea:

 

Joxe Arratibel, Miel A. Elustondoren eskutik

Joxe Arratibel Zurutuza (1923-2011). Kontalari aparta, ahozkotasunaren gordailu parebakoa da idazle eta fraile beneditarraren inguruko liburuxkearen izena. Miel A. Elustondok idatzi dauenez, kontalari aparta zan Arratibel, Kontu Zaharrak liburuan erakutsi eban moduan: Desagertzeko zorian dagoan kontalarien espezieko kide miresgarria izan zan. Ataunen jaioa 1923an, hainbat urtez Estibalitzeko frailea izan zan. Umezaroan etxeko eta auzokoakandik ipuin zahar asko entzun eta ikasi zituan eta Jose Maria San Sebastian Latxaga abadeak eskatuta, istorio horreek idazten hasi zan. Hainbat liburu ditu argitaratuak, besteak beste, Kontu Zaharrak, Mari Xor eta beste, Dirua neurtzeko ontzia. 2008an plazaratu eban Izugarriak, bere azken lana, 2011an hil aurretik.


Miren Jone Azurza, Elixabete Garmendiaren eskutik

Elixabete Garmendia kazetariak Miren Jone Azurza Aristegieta. Kazetari aitzindaria (1929) liburuxkan jaso dauen legez, aitzindari izatea subertau jakon donostiarrari edo zehatzago esanda aitzindari izaten asmau eban. Holan, 60ko hamarkadan Zeruko Argia astekariaren zuzendaritzea hartu ebanean, lehen emakumezko kazetari tituludun euskalduna zan. Deia egunkariko erredaktore be izan zan 12 urtean, 1977an egunkaria sortu zanetik; ondoren, 1990tik 1996ra Setien gotzainaren prentsa-arduraduna izan zan. Kazetari donostiarra Historian be lizentziau zan (Deustuko Unibersidadea), eta ohorezko euskaltzain izentau eben 2018ko apirilaren 27an.


Jose Luis Alvarez Enparantza, Jose Luis Txipi Ormaetxearen eskutik

Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegi. Gizon polifazetikoa eta intelektual osoa (1019-2012) liburuxkeari jagokonez, Ormaetxeak pentsalari donostiarraren alde guztiak batu eta azaldu ditu: Politika kontuak nabarmendu arren, ezin dogu ahaztu Txillardegiren motor nagusia hizkuntzea zala, euskerea. Esango neuke euskerea dala haren lan, burruka eta jarduera guztien gunea, jaso dau alean. Era berean, Joxe Azurmendiren esaldi bat hartu dau Txillardegi definiduteko: Ni euskal mundura heldu nintzenerako planteamendu garrantzitsuenetakoak eginda egozan. Txillardegi da, nire ustez, bide-urratzaile nagusia eta intuizino erabagigarri guztiak izan dituana. Haregaz hasten da martxa bat, Gerraosteko euskal munduaren belaunaldia.


Xole Erbiti, Alberto Barandiaranen eskutik

Alberto Barandiaran kazetaria izan da Xole Erbiti Arbilla (1942-2009). Lehen euskera teknikaria liburuxkearen egilea. Erbiti Nafarroako lehen euskera teknikaria izan zan eta ekarpen garrantzitsua egin eutson euskerearen normalizazinoari Erresuma Zaharrean. Magisteritzan eta Zuzenbidean lizentziaduna, Xole Erbitik 1973an Nafarroan sortutako Euskera Atalaren euskera teknikari bihurtu zan. Erbitik lan esanguratsua egin eban irakasle moduan, ikastolen sorrerea gogotik bultzatu eta euskerazko kazetaritzearen aitzindarietako bat izan zan.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu