Bizikletearen Liburu Zuria, bizi-kalidadearen alde

Bizkaie! 2020-06-17 10:38   Pil-pilean

Bizkaiko Foru Aldundiak plazaratu dau agiria.

Bizikletearen Liburu Zuria argitaratu dau Bizkaiko Foru Aldundiak, garraiobide horren erabilerea sustatzeko neurriak modu praktikoan batzen dituan dokumentua. Udalakaz eta gizarte-erakundeakaz koordinauta, bultzada hori Bizkai osoan homogeneoa izatea da asmoa. Modu horretara, bizkaitarren bizi-kalidadea hobetuko dala uste dau Aldundiak, ohiko joan-etorrietan bizikletea erabilten dabenen osasun fisiko eta mentala gogoan hartuta. Garraiobide horrek abantaila ekonomikoak, bardintasun sozialekoak eta jasangarritasunezkoak be baditu.

Liburu Zuria dokumentu edegia da, eta, ondorioz, Bizkaiko beste esperientzia batzukaz hazteko eta aberastuko da. Bizikletearen onurak ez eze, Bizkaiko gaur egungo egoerea aztertzen dau, bizikletearen erabilerearen ikuspegitik zein azpiegituren eta bizikleta-sarearenetik. Bizikletearen erabilerea orain artekoa baino ikuspegi integraduago batetik jorratzeko beharra jasoten dau argitalpenak, azpiegiturak sortzeari jagokonez batez be.

Bizkaian bizikletearen aldeko kultura sendoa sortuko balitz, horrek ekarriko leukezan onurak azpimarratzen ditu Liburu Zuriak. Izan be, gaur egun, bizkaitar gehienek kirolagaz edo aisiagaz lotzen dabe bizikletea, garraiorako alternatibatzat jo beharrean. Eguneroko joan-etorrietarako bizikletea kontuan hartzea eta erabiltea da bizikletearen kultura barri horrek ekarriko dauen ondorioa.

Asmo horretatik abiatuta, bizikletearen inguruko jarraibide praktikoak emoten ditu Liburu Zuriak. Lehenik eta behin, garraiobide hori erabilten dabenen ezaugarriak, beharrak eta nahiak aztertu, eta bizikletea erabilten danean joan-etorrien denporea era positiboagoan ikusten dala dino dokumentuak. Txirrindularien artean desbardintasunak dagozala be agirikoa da, eta danen beharrak asetzeko moduko azpiegiturea behar da.

Sortu beharreko bizikleta-sarean hiru maila bereizten ditu Liburu Zuriak: lurraldekoa (joan-etorri luzeak), tokikoa (auzoak, herriak eta uriak lotzeko) eta oinarrizkoa (udalerrian bizikletaz ibilteko aproposak diran bide publikoak). Era berean, ezinbestekoa da garraio publikoagaz lotura errazak izatea, diseinu erakargarria pentsetea eta oztopoak ahalik eta gitxien egotea, adibidez aldatz handiak. Ganera, bizikletearen erabilereari eta txirrindularien portaereari buruzko datuak batzeko eskatzen dau dokumentuak, politika eta neurriak zehatzagoak eta eraginkorragoak izan daitezan.

Bizikletea ohiko garraiobide eta eraldaketarako elementu lez sustatzen lagunduko daben proiektu espezifikoak bultzatzea be aitatzen dau Liburu Zuriak. Durangaldekoa adibide ontzat joten dau: Azterketa sakon batetik abiatuta, Mankomunidadeak, eskualdeko eragile publiko eta pribaduakaz koordinauta, benetako preminen diagnostikoa egin nahi dau, lehentasunak zehaztu eta bizikletea bultzatzeko eta eskualdeko mobikortasuna eraldatzeko ibilbide-orri argi bat diseinetako.

Irakurri Bizikletearen Liburu Zuria hemen (PDF, 4,8MB).

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu