Bertoko eta atzerriko musikariak Donostiako Jazzaldian
2020-06-17 08:53 MusikeaHalandabe, programazinoa egokitu behar izan dabe pandemiagaitik.
Covid-19agaitik hasierako programazinoa bertan behera itxi behar izan ebenean, Donostiako 55. Jazzaldiko arduradunek azaldu eben inguruko artistakaz atondu beharko ebela egitarau alternatiboa. Halan izango da, bai, baina laster Europako herrien arteko mugak edegitekoak diranez, kanpoko musikari batzuk ekartea be lortu dabe.
Garagarrilaren 22tik 26ra izango da Jazzaldia, formatuz apalagoa eta osasun neurri barrietara egokitua. Baina, behinik behin, aurtengo edizinoari eustea lortu dabe, Getxokoa eta Gasteizkoa bertan behera geratu diran bitartean.
Antolatzaileek ordainpeko programazinoaren barri emon dabe. Portugaletik etorritako hiru artista handi dagoz tartean, Mariza, Salvador Sobral eta Lina. Euren herrialdeko tradizinoa, batez be fadoa, bikain buztartzen dabe hirurek jazzaren nazinoarteko jokerakaz, bakotxak bere estiloan.
Jazzaren eta musika klasikoaren arteko nahastea dakarre, bestetik, Anja Lechner biolontxelista alemaniarrak eta François Couturier pianista frantsesak. Mediterraneo itsasoko Balear ugarteetatik Donostiara etorrita, Marco Mesquida pianisteak omenaldia egingo deutso Charlie Parker mitikoari. Trinidade plazako kontzertuak Ipar Europako Rymden hirukoteak zarratuko ditu.
Bertoko artisten zerrendea be ez da laburra. Hasteko, Iñaki Salvadorrek, Jazzaldiko ohiko konbidaduak, kontzertu bi joko ditu: Bata, Chano Dominguezek lagunduta, eta, bestea, Jorge Pardogaz. 2018ko Jazzaldiaren Saria irabazi eta gero, bueltan da, bestetik, Michel Portal baionarra, oraingo honetan boskote baten buru. Oreka TX-k Koklea ikuskizuna aurkeztuko dau Donostian.
Mikel Azpirozek eta Paul San Martinek bakarkako kontzertuak joko ditue, pianoa lagun, San Telmo museoan. Ziklo horretan egongo da Bojan Z. serbiarra be, eta Joachim Kühn Victoria Eugenian agertuko da bakarka. Joseba Irazoki nafarra be egitarauan dago.
Victoria Eugenia eta Kursaaleko kontzertuetarako sarrerak hilaren 18an ipiniko ditue salgai. Trinidade plazako abonuak eta taldekako sarrerak be egun horretatik erosi ahal izango dira, baina sarrera solteak garagarrilaren 2ra arte ez dira eskuragarri egongo.
Ordainpeko egitarau nagusia prest, bertan behera itxitako dobako sesinoen ordezko formatua eta egitaraua atontzeko lanean dabiz Jazzaldiko arduradunak orain. Aurreratu dabenez, euskal artistak izango dira nagusi.
Kartelaren egilea Joseba Larratxe da:
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!