Barriek 2020 programeari berrekin deutse

Bizkaie! 2020-06-16 09:23   Kulturea

Iván Gómezen artelanak Bilboko Rekalde Aretoan dagoz ikusgai.

Erakusketako pieza bat (argazkia: BFA) | Ikusi handiago | Argazki originala

Bizkaiko Foru Aldundiak artista gazteei laguntzeko urtero antolatzen dauen Barriek programea ez da hasieran pentsautako modukoa izango 2020an, Covid-19aren izurria tartean sartu da eta. Bekadunetako biren, Natalia Suarezen eta Claudia Rebeca Lorenzoren, erakusketak egin zituen urte hasieran, baina ondoren etena etorri zan. Behin pandemiaren momenturik txarrena pasauta, programeari berrekin deutse.

Bilboko Rekalde Aretoan ipinten ditue Barriek egitasmoan aukeratutako sortzaileen proposamen artistikoak. Aste honetatik aurrera, Iván Gómezen txandea da, La noche salva erakusketea atondu dau Irunen jaiotako artisteak. 2020ko edizinoa biribiltzeko, Irati Inorizaren lana ikusi ahal izango da, urtea amaitu baino lehen.

Rekalde Aretoko erakusleihoaren alboko salan ipini ditue Gómezen artelanak. Era horretara, kanpotik be ikusi leikie erakusketea handik pasetan diranek. Dana dala, Rekalde Aretoan sartzea doban da (11:00etatik 18:30etara da ordutegia). Covid-19aren zabalkundea txikitu danez, pasa dan astetik barriro dago zabalik Foru Aldundiaren menpeko gune hori, baina osasun neurri bereziak hartu behar ditue bisitariek.

Iván Gómezek azaldu dauenez, La noche salva erakusketearen helburua izen bereko elebarri txiki bat zabaltzea da, oso ezaguna dan pertsonaia batetik abiatuta. Kontakizunaren bidez agertzen dira beste gai batzuk, adibidez morrontzea eta klase sozialak.

Nire jardunean pixkanaka joan naz arduratzen irudiak, objektuak, espazioak, terminoak eta personak lotzeko moduez, dino artisteak. Bideo-muntaiatik eta collagetik, instalazinotik, bitartekaritzatik eta idazketatik lan egin dot. Uste dot saiakera horreek tenkatzeko modua proposamen-praktika bat, besteentzako egite edo arteko bat probauko daben gailu lez pentsetea dala.

Iván Gómez (Irun, 1984) Arte Ederretan lizentziau zan Bartzelonako Unibersidadean eta Kubako San Antonioko Zinema Eskolan jarraitu eban ikasten. Ikerketa eta Sorkuntza masterra egin eban EHUn, eta bertan dabil ikertzaile. MAMM (Medellin), Pärnu International Film and Video Festival (Tallinn), Vostell Malpartida Museoa (Cáceres), La Casa Encendida (Madril) eta Berlin, Brusela eta New Yorken ikusi ahal izan dira bere piezak.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu