Horma-irudi barria Bilboko Aretxaga-Miribilla inguruan
2020-06-15 12:27 KultureaFragonard-en Zabua obra ospetsuan oinarritutako obrea da.
Bilboko Udalak eta Andoni Euba artisteak bultzatuta, 2018an sortu eben Aretxaga-Miribilla izeneko gune artistikoa, Bilbo Zaharrean. Horma-irudi artistikoen bidez, San Frantzisko, Bilbo Zaharra eta Zabala auzoen birgaitzea eta gizarte-kohesinoa bultzatzeko ekimena da, eta lantzean behin artelan barriez disfrutetako aukerea izaten dabe herritarrek.
Egunotan horma-irudi barria inaugurau dabe, Aretxaga-Miribilla gunean egon diran aldi baterako obren artean zazpigarrena. Fragonard-en Zabua obra ospetsuan oinarritu, eta eszena ha gaur egungo girora ekarri dau Andoni Euba artisteak, freskotasun eta askatasun ikutua emonda. Denporearen kontzeptu ziklikoa be agiri da Kai zabu-penduluan, eta bere eskuin besoa bi alditan izeneko horma-irudian.
Arranoak vs Dronak artelanagaz batera ikusi leiteke horma-irudi barria Aretxaga-Miribillan. Izan be, gune horretan obra finko bat eta aldi baterako beste bat egoten dira. Finkoa da Arranoak vs Dronak, eta Kai zabu-penduluan, eta bere eskuin besoa bi alditan, behin behinekoa. Orioan eginiko marrazkiak dira biak.
Andoni Euba (Bilbo, 1962) Arte Ederretan lizentziaduna da, eta arte plastikoetan ibilbide oparoa dauka. 1985ean Gure Artea sarietan hirugarren lekuan geratu eta gitxira, Estadu Batuetara joan zan, eta han egin dau bere bizitzearen zati bat. Erakusketak egin ditu Donostiako San Telmon, Madrilgo ARCOn eta abar. Bere artelanak Bilboko Arte Eder Museoaren, Gasteizko Artiumen, San Telmoren eta Nafarroako Museoaren bildumetan dagoz.
Izenak dinoan legez, Aretxaga eta Miribilla kaleetan dago gune artistikoa, Bilbo Zaharra eta San Frantzisko auzoen artean. Kale biok, estuak diranez, oinezkoentzako bihurtu zituan Udalak 2017an, eta inguru guztia bizibarritzeko asmoen erdigunean jarri, 2018an sortutako horma-irudien guneagaz. Auzokizuna 2020 Jarduera Plan Bateratuaren emoitzea da ekimen artistikoa.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!