Gaur, bagilak 15, hasiko da hondartzen denporaldia Bizkaian
2020-06-15 08:57 Pil-pilean270 persona arduratuko dira hondartzetako segurtasunaz eta garbiketaz.
Hondartzen denporaldiari ekiteaz bat, hondartzak erabili eta arautzeko esparru orokorra, Bizkaiko Foru Aldundiak eta Bizkaiko kostaldeko udalerriek COVID19 pandemia zabaltzeari aurre egiteko ezarri eta adostutakoa. Esparru orokorrean, era berean, hondartza bakotxaren ezaugarri partikularrak hartzen dira kontuan, izan be, udalerri bakotxak bere kontingentzia-planean jaso ditu ezaugarri horreek; osasun-arloko agintariek aire zabaleko guneak seguru erabilteko ezarritako gomendioak dira esparruaren oinarri. Hori izango da, hain zuzen, denporaldi atipiko honen barritasun nagusia; bien bitartean, hondartzetan emoten diran zerbitzuei eutsiko jake, bai eta zerbitzuok finantzietako urteko 5,2 miloeko inbersinoa be.
Aurten, hondartzen ohiko ordutegiari eutsiko jako: 11:00etatik 20:00etara, eta ordu-tarte horretan ezin izango da kirolik praktikau hareatzetan (palak, beisbola, futbola...), osasun-arloko agintariek une bakotxerako ezarritako segurtasun-tartea gordetearren. Agintari horreek erabagiko dabe zenbat persona sartu daitekezan talde batean hondartzara eta zelako segurtasun-tartea gorde behar daben; era berean, erabagi leikie gune publiko horreek erabilteko baldintzak aldatzea, pandemiaren eboluzinoaren arabera.
Beste alde batetiik, hondartzen erabilerea arautzen dauen esparru orokor horren barruan ezartzen da hondartzara doazenak ezin dirala bertan hiru ordutik gora egon, holan errotazino bat egongo baita aukerea emongo duena hondartzaz ahalik eta persona gehienek gozau deien. Horrezaz gan, gomendatzen da eguzkitakorik, aulkirik edo koltxonetarik ez eramatea, behar-beharrezkoa ez bada, espazio gutxiago okupatzearren eta erabiltzaileen errotazioa erraztearren hondartzan gomendatutako denbora igarotzen denean.
Hondartzako persona-kopurua erreguletako eta segurtasun-tarteari eusteko sistema bat ezarri da; hondartzainek eta sorosleek neurketa bat egingo dabe eta, horren arabera, hiru okupazino-maila egongo dira, semaforo baten kolorakaz bat egiten dabenak: berdea, anbar-kolorea eta gorria. Maila berdean, okupazio-maila ona da; anbar-kolorean, hondartzea nahiko beteta dago, eta gorrian, bete-beteta. Informazinoa megafoniaren bidez emongo dabe.
Horrezaz gan, Bizkaiko Foru Aldundiak abiarazotako BizkaiUp aplikazinoan, COVID19ari aurre egiteko hartutako neurri guztiei buruzko informazinoa izango dogu, besteak beste, hondartzetako okupazino-mailak, hondartza bakotxaren berezitasunei buruzko datuak, udalerriek momentu jakin batean hartu leikiezan neurriak, aparkalekuen itxiera partziala, hondartza dinamikoaren egoerara pasetea, sarbideei buruzko gorabeherak... Hondartzako okupazino-mailea webgunean eta aplikazinoan aurretik egiaztatu daitekeenez, Aldundiak zein gure lurraldean hondartzea daben udalerriek herritarrei dei egiten deutse tresna digital horreek konsultau deiezan hondartzara joan aurretik, hondartzako okupazino-mailea egokia dala egiaztatzeko.
Segurtasuna
Sorosleak eta hondartzainak arduratuko dira hondartzako segurtasun-lanak egiteaz. Istripuen Prebentzino, Sorospen eta Laguntzarako Zerbitzuan jardungo dauen lantaldea uretako 154 soroslek osotzen dute, beste 19 personagaz batera: koordinatzaileak, logistak edo laguntza-patroiak. Egunero, 6 koordinatzaile eta 88 sorosle egongo dira lanean, 24 sorospen-postutan.
Zerbitzu horretako langileek erreskaterako erabiliko daben materiala hondartza bakotxaren ezaugarrien araberakoa izango da, baina nabarmendu behar da lau salbamendu-ontzi izango dituela, zortzi errespetu-ontzi Bilboko, Getxoko, Bermeoko eta Ondarroako biltegietan; uretako 4 motor eta errespetuko beste bost aurretik aitatutako biltegietan; erreskaterako 3 quad eta 9 buggy (horreetako bi elektrikoak), lur orotako hiru ibilgailu, flota ekologiko bat 7 auto ekologikogaz (elektrikoak, hibridoak eta gasezkoak) zonetako koordinatzaileentzat, 14 jagoletza-torre, 40 desfibriladore erdiautomatiko, 30 glukometro, 40 pulsioximetro, 30 immobilizazino-ohatila, eta bihotz-biriketako bizkortze prozedurarako 30 neurgailu.
Gainera, sorosleek wave board bat izango dabe; ontzi horretan, uretako motor bati plataforma bat akoplau ahal jako eta horregaz 5 metrora heltzen danez, personak eroateko gaitasuna handitzen dau.
Aurten, aldatu egin da sorospen-postuan osasun-laguntzea behar dabenei arretea egiteko protokoloa, kontuan hartuta COVID19 zabaltzeari aurre egiteko indarrean dagozan eta, besteak beste, sorospen-postura sartzeko mugea adierazoten daben seinaleak jarriko dira.
Denporaldi honetan, 270 persona arduratuko dira hondartzetako segurtasunaz eta garbiketaz; La Arena, Ereaga, Plentzia, Mundaka, Lekeitio eta Ondarroan bainua hartzen laguntzeko zerbitzua emongo da garagarrilaren 1etik abuztuaren 31ra, eta osasun-arloko agintariek ezartzen dituen prebentzino-neurriak aplikauko dira.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!