Ikuskizunetako teknikariek sindikatua sortu dabe
2020-06-12 12:21 KultureaLehendik izan dituen baldintza prekarioak okertu egin dira pandemian.
Kultura arloko ikuskizun eta ekitaldietan ezinbestekoak dira teknikariak, baina, salatu dabenez, euren lan baldintzak ez dira bape onak. Horregaitik, alkartu eta sindikatu bat sortzea erabagi dabe, Teknikariok izenekoa, bizi daben egoerearen barri emon eta hobekuntzak eskatzeko.
Teknikariek adierazo dabenez, lan prekarioa da eurena, erregulazino zehatz bakoa. Lan jardunaldi luzeak egin behar izaten ditue beharginek, askotan kontratu barik, ordutegi txarrakaz. Covid-19aren pandemiak egoera hori okertu baino ez dauela egin dinoe, langabeziak gora egin dauelako eta erakundeek hartutako osasun-neurriek ez dabelako euren lanbidea kontuan izan. Ikusezin bihurtu dirala sentiduten dabe.
Hori dala eta eskaera zehatz batzuk egin deutsez erakunde publikoei. Lehenik eta behin, pandemia amaitu arte, kulturako laguntzino batzuei eusteko, teknikarien diru-sarrerak ez daitezan hutsera bajatu. Bestetik, sektorearen beharrei kasu egiteko dinotse instituzinoei, batez be Eusko Jaurlaritzeari.
Baldintza duinak aldarrikatu ditue, bestela, lanbidea desagertzeko arriskuan egongo litzatekelako. Konfinamenduan ezarritako neurriak ulergarriak dirala dinoe, baina horrek ezin dauela teknikarien abandonua eragin.
Behin sindikatua aurkeztuta, aurrerantzean ez dirala isilik geratuko adierazo dabe: Fokuari bueltea emongo deutsagu, gu ikusteko; bozgorailua biztu, eta soinu mahaitik bolumena igongo dogu, gure ahotsa entzun daiten, duintasuna exijitzen dogu.
Kultura arloko eragileek antolatzen dituen protesta eta aldarrikapenakaz bat egiten dabela ganeratu dabe teknikariek. Hasteko, gaur, barikua, Hego Euskal Herriko uriburuetan egingo diran agerraldietan izango dira.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!