Sektore kulturalaren babesleku bihurtuko dabe Euskalduna Jauregia

Bizkaie! 2020-06-11 08:41   Kulturea

Aurrera Fest ekimenaren bidez, sortzaileei bultzadea emon nahi deutse.

Lorea Bilbao eta Andoni Aldekoa ekimenaren aurkezpenean (argazkia: BFA) | Ikusi handiago | Argazki originala

Bizkaiko Foru Aldundiak babes ekonomikoa emongo deutse kulturgintzako eragileei, Covid-19aren osteko sasoi gatxetan, Aurrera Fest izeneko kanpainearen bidez. Bilboko Euskalduna Jauregia izango da ardatza, hango aretoak lagako deutsezelako profesional, konpainia eta sustatzaileei. Era horretara, jardun kulturala suspertuko dabe, eta publikoari kulturea konsumiduteko espazio segurua eskaini.

Itxaropen-iturri bihurtu nahi dabe Euskalduna, kanpainearen leloak dinoanez. Pandemiaren erruz 12 astean zarratuta egon da Jauregia, baina pixkanaka ohiko jarduerea berreskuratuko dau, kulturearentzako aire freskoa ekarriz.

Bizkaiko Kultura diputadu Lorea Bilbaok eta Euskaldunako zuzendari nagusi Andoni Aldekoak aurkeztu dabe Aurrera Fest. Gure baliabideak kultur sektorearen esku jarteko helburuagaz sortu da Aurrera Fest, musika eta arte eszenikoetako artista eta talde guztiek izango dabe lekua ekimen honetan, azaldu dau Bilbaok. Aldekoak ganeratu dauenez, Euskalduna zuzeneko kulturea da, eta gure esperientzia eta azpiegiturak mahai ganean jarri gura doguz.

Bagilaren 17ra arte, taldeek eta konpainiek euren zuzeneko emonaldietarako proposamenak aurkeztu leikiez. Antzerkian, musikan, jantzan… dabizan eta eurek produzidutako ikuskizunen bat aktibo daben sustatzaile, konpainia, profesional eta taldeek hartu leikie parte. Jesarlekudun aretorako aproposak eta gitxienez 50 minutukoak diran saioak onartuko ditue, atsedenaldirik bakoak.

Euskalduna Jauregiak artisten esku ipiniko ditu baliabide teknikoak, ikus-entzuleen arretea eta aretoak. Auditoriuma, OB eta OE aretoak dagoz aukeran.

Hilaren 22an Euskaldunak behin betiko programea jakinarazoko dau, eta sarrerak salgai jarriko dira publikoarentzat. Aldekoak aurreratu dauenez, seguruenez jaialdia garagarrilean egingo da, baina erabagigo diran osasun arloko neurrien menpe gagoz.

Aurrera Fest ekimenaren ikurra ginkgoa da, erresistentzia handiko arbolea. 1946ko udabarrian, Hiroshimako eraso nuklearretik urtebete eskasera, bonbea lehertu zaneko lekutik kilometro batera ginkgo lehor bat ernatzen hasi zan. Harrezkero, bizirauteko gaitasunaren sinboloa da ginkgoaren hostoa.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu