'Sarrera eta jardueren bidez lortzen diran diru-sarreretan murrizketea egon da'

Bizkaie! 2020-06-11 08:28   Kulturea

Guggenheim Bilbao Museoaren Patronatuaren bilerea izan da bart.

Guggenheim Bilbao Museoaren Fundazinoaren Patronatua batzartu da bart Iñigo Urkullu Lehendakari jauna buru zala; bileran honakoak izan dira: Unai Rementeria Maiz, Bizkaiko Ahaldun Nagusia eta Fundazinoaren Batzorde Betearazlearen Presidentea; Bingen Zupiria, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako Sailburua; Lorea Bilbao, Kultura, Euskerea eta Kirol Foru Diputadua; Juan Maria Aburto, Bilboko Alkatea; Fundazinoaren gobernu-organo gorena osotzen daben enpresa eta erakundeen ordezkariak (batzuk baliabide telematikoak erabiliz); eta New Yorkeko eta Bilboko Guggenheim Museoetako Zuzendariak, Richard Armstrong (baliabide telematikoak erabiliz); eta Juan Ignacio Vidarte.

Bilera hasieran Museoaren Zuzendariak martiaren 14an alarma egoerea hasi zanetik sortutako egoereari buruz egin dau berba, baita orokorrean eta bai Museoaren jarduteko moduari zelan eragin deutson zehaztuz, izan be, lan arlo batzuk ekintzetarako baliabideen mailea artelanak eta eraikina mantentzeko egokitu behar izan ditue eta Museoaren jarduna ziurtatu ahal izateko telelana ezarri da. Bestetik webgunea eta sare sozialak erabiliz online edukiak nabarmen indartu dira #GuggenheimBilbaoLive traoleari esker, eduki anitz eta ugari eskaini baititu hainbat formatu eta hizkuntzatan hainbat gaiei buruz: ikusgai dagozan erakusketak, Frank Gehryren eraikina, museoko profesionalen lekukotzat hareen lanari lotutako alderdien inguruan, Bildumako artelanak, BBk-k babestutako familientzako jarduerak eta abar.

Museoak urteko lehen bost hilebeteetan izandako jardunaren balantzeari jagokonez, Museoa zarratu beharrak goitik behera aldatu ditu emoitzak. Aurreko hilebeteetan ohiko adierazleak aurrekontuetan aurreikusitako martxan joiazan —are gehiago, uste baino hobeto kasu batzuetan, bisitarien kopurua adibidez 128.242 personakoa izan baitzan martiaren 14ra arte, hau da, aurreikusitakoa baino % 20 gehiago—, baina Museoko ateak derrigorrez zarratu beharrak eragin nabarmena izan dau erakundeak sarrera eta jardueren salmenta, ekitaldi, Dendako produktu eta bestelakoen bidez lortzen dituan diru-sarreretan. Hori dala-eta, gure jardunean benetan funtsezkoak diran parametroak ondo zehaztu eta aukeratu behar izan ditugu (arte-programazinoa edo ekintzetarako-gastuak esaterako) eta ahal zan guztian murrizketa esanguratsuak egin ditugu Museoaren jasangarritasun ekonomikoa bermatzeko.

Arte-programazinoaren kasuan, Museoak zezeila eta martiaren erdian edegitako erakusketak —Iberdrolak babestutako Olafur Eliasson. Bizitza errealean; Richard Artschwager; Lygia Clark. Pintura eremu esperimental legez, 1948–1958; eta William Kentridge: 7 atal— berrantolatzea lortu dau eta udara amaitu arte luzatu ditu, behintzat. Bestetik, urteko azken hiruhilekoan, Lee Krasner eta Kandinsky artistei eskainitako erakusketak aurkeztuko ditugu, azken hori BBVA Fundazinoaren babesari esker.

Egokitzapen testuinguru honetan, 2021eko erakusketen prestakuntzan sartuta gagoz: Batetik, XIX. mendeko eta XX. mende hasierako euskal margolariei eskainitako erakusketa bat antolatuko dogu; ondoren, 1920ko hamarkadako 'Urte eroak' diralakoei buruzko aurkezpen bat egingo da, 2020ko urte amaierarako aurreikusita baitzegoan; emakume artistek abstrakzinoaren lengoaiari egindako ekarpenak aztertzen dituan erakusketa zabala be atontzen gabiz; eta azkenik, 'Alice Neel' margolariaren erretratu espresiboak batuko dituan beste erakusketa bat. Erakusketakaz bat, Alex Reynolds, Cecilia Bengolea eta Fischli & Weiss artistek egindako bideoinstalazinoak izango ditugu ikusgai, Film & Video aretoko programazinoa nahiz Museoak arte-baliabide barrien alde egindako apustua bultzatuko dabelako.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu