Taberna, jatetxe eta bestelakoetarako edukierea ezagutzeko app bat sortu dabe

Bizkaie! 2020-06-10 10:45   Pil-pilean

Getxoko Udala laster hasiko da app-a erabilten.

Industria Injinerutzako hirugarren mailako ikasle batek eta Bilboko Injinerutza Eskolako tituludun bik merkataritzako edo aisialdiko lokalen edukierea kontroleta eta, holan, osasun krisiak ezarritako segurtasun neurriak betetea errazteko aplikazinoa sortu dabe. Menu erraz baten bitartez eta klik gitxi batzuetan, YetPlan app-ak (yetplan.com), adibidez, taberna baten okupazino-mailea ezagutzeko eta terrazan mahai bat erreserbetako aukerea emoten deutse erabiltzaileei eta, aldi berean, negozioaren kudeatzaileari espazioa kudeatzeko dobako tresnea.

Konfinamendu honetan, Eskolan geunkan prestakuntzeak laguntzeko zeozer egiteko aukerea emoten euskula ikusi dogu. Gure ustez, konfinamenduaren ondoren ezarriko diran edukiera mugak kudeatzea oso gatxa izango da lokaletan eta, gainera, erabiltzaileentzat be eragozpenak izango dira. Beste herri bateko establezimendu batera joateko planak egiten badituzu, hobe izango da atendiduko zaituen ala ez aldez aurretik jakitea, bueltea emon behar ez izateko, azaldu dau Laura Dávila aplikazinoaren ikasle sortzaileak, Eskolako injineru tituludun diran Lucas de Leceagaz eta Javier Viañagaz batera.

Hiru ekintzaile horreek Kroaziako beste injineru gazte batzuekaz hartu-emonetan jarri ziran, antzeko soluzinoak landuak zituelako eta, holan, idearen lanketea bizkortzeko eta idea hori lehenbailehen ostalarien, merkatarien, alkarte profesionalen edo administrazino publikoen esku jarteko, izan be, aplikazinoa hondartzetara, ugerlekuetara, museoetara edo aire zabaleko ekitaldietara doazen bisitarien kopurua kontroletako be erabil daiteke. Getxoko Udalak YetPlanari buruzko interesa erakutsi dau, Udalak kudeatutako espazio publikoetan erabilteko eta beste udalerri batzuekaz be hartu-emonetan gagoz, zelan funtzionetan dauen jakin deien, adierazo dau Dávilak.

Aplikazinoa doban da eta funtzionamendu errazekoa: Alde batetik, lokala erregistrau nahi daben establezimenduek jentearentzako ordutegia, zenbat mahai dituen eta bakotxean zenbat bezero jesarri daitekezan adierazo beharko dabe, edukierea kontroletako araudiaren arabera. Bestetik, jenteak erreserbea egin ahal izango dau, interesetan jakon lekua (barrualdea, jangelea edo terrazea), zer ordutan joan gura dauen eta zenbat persona joango diran zehaztuta. Modu automatikoan, sistemeak datuak erregistrau eta establezimendura heldukeran egiaztagiria erakutsiko dau. Erreserbea ezeztatzeko aukerea be emoten dau, asmoa aldatzen bada edo ezustekoren bat sortzen bada: Gure asmoa prozesuari ahalik eta segurtasun handienagaz aurre egin ahal izatea da eta horretarako danok arduratsuak izan behar dogu eta gure jokabidea jagon. Urten eta jenteagaz batu behar gara, baina guk behar bezela jokatzen ez badogu ostalaria edo merkataria zigortua izan daitekeela ahaztu barik, azpimarratu dau Davilak.

YetPlanek gailu bilatzailea be badau eta erregistrautako zein lokaletara joan gura dan berehala lokalizeteaz gan, jardueren eta udalerrien arabera bilatzeko aukerea emoten dau; holan, plan ugari antolatzea ahalbidetzen dau, betibe, lokal, espazio edo instalazinoaren okupazinoaren eta edukierearen arabera benetako aukerea dagoan ala ez aldez aurretik jakinda, eta erreserbea eginda.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu