Eneritz Artetxe, Kepa Errasti eta Galder Perezen antzezlanak plazan
2020-06-10 09:33 KultureaAntzerkiak agertzen dauen errealidadea, baina, deformatua da.
Susa argitaletxeak eta EHAZE Antzerkizale Alkarteak Ganbila antzerki bildumako hiru liburu barri aurkeztu ditue: Eneritz Artetxe eta Dxusturi Teatroaren Isiltasuna, Kepa Errasti eta Xake Produkzinoak konpainiaren Mami Lebrun eta Galder Perezen Hiru geltoki lurrun.
Oier Guillan idazle eta antzerkigileak koordinetan dau Ganbila proiektua eta euskal teatroaz ikuspegi zabala emotea dau helburu, indarra obra edota hainbat obra eta ahotsetan jarriz.
Eneritz Artetxeren antzezlan bi batu ditue: antzeztu bako Isiltasuna eta egileak berak Dxusturi bere konpainiagaz taularatutako Karramarroa. Susaren arabera, alkartasuna, politika eta umore zorrotza, guztiak topauko ditu irakurleak testu horreetan. Isiltasuna-k altu berba egiten deusku emakumeen ahotsez, barrenak hutsitzen deutsoz isiltasunari, egunerokotasun ustez neutralaren zamak isilarazotakoen ahotsean dagoana arakatzen dau. Karramarroa obran,barriz, espero ez genduan estetikea eta umore gordin batez bete eban oholtzea, bufoiaren kodigoetatik hur.
Mami Lebrun antzezlana, azken urte honeetan euskal antzerkigintzea, pauso sendoz, jorratzen dabilen ibilbide oparoaren adibide bat da'Susarentzat. Kepa Errastik idatzia, idazlea bera partaide dan Xake Produkzinoak konpainiak 2016ko maiatzean estreinau eban. Antzezlan honetan amamaren heriotzeak sortutako emozino personala dau fikzinoak sorgune. Antzerkiak antzerkiaren barruan emoten dituan aukerak erabilita, heriotzaz, doluaz, iraganaz, maite genduzan hurrekoen memoria jagoteaz, aurreko belaunaldiei bizitea tokau jaken mundualdiari emondako erantzunaz... Eta oraingoari eta etorkizunari geuk emon beharrekoa dakarsku. Neurri handi batean, azken urteotako euskal antzerkigintzan ugari dabilen hurreko eta ez hain hurreko memoriaren gaia presente dago testuan.
Amaitzeko, Galder Perezen Lurrun minez, Lau metrora eta Off the record obrak batzen dituan liburua dogu: Hiru lanok egilearen ardurak islatzen dituan unibersoa osotzen dabe: homosexualidadea, zentsurea, Mozal Legea, kazetaritzako ustelkeria... umoretik urrun ibili barik. Eremu txikiak, espazio zarratuak gustukoak ditu Perezek. Argitalpen honetako hiru geltokiak, sauna bat, erietxe bateko gela bat eta bulego bat dira. Eta espazio zarratu horreetan sartu ditu bere personaiak: Iduri dau, hiru lanetan bere personaietako bat bederen ezlekuan legokeela. Ezlekuan dago Jesus, ezlekuan gidaria, eta ezlekuan Karmele. Ezlekuan edo deseroso behinik behin.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!