Ynchaustiren eta Irujoren agiriei ondoetorria egin deutse Artxibo Historikoak
2020-06-10 08:54 KultureaDohaintzan jaso ditue oraintsu horreek artxibo biak.
Artxiboen Nazinoarteko Eguna ospatzeko ekitaldi instituzionala egin eben atzo Bilbon, Artxibo Historikoan, Iñigo Urkullu lehendakaria buru. Han izan ziran, ganera, Bingen Zupiria Kultura sailburua; Marian Elorza Kanpo Hartu-emonetarako Idazkari Nagusia; Mikel Aizpuru Kultura Ondarearen zuzendaria; Gorka Alvarez, Atzerriko Euskal Komunidadearentzako zuzendaria; eta Borja Aguinagalde, Euskadiko Artxibo Historikoaren arduraduna.
Aurtengo ekitaldia, batez be, Manuel de Ynchaustiren familia-artxiboari eta Andrés de Irujorenari ondoetorria egiteko aprobetxau dabe, biak oraintsu heldu diralako Artxibo Historikora, familiek dohaintzan emonda. Horregaitik, Bilboko ekitaldian Ynchaustiren senideak egon dira, eta Irujoren alargun María Elena Etcheverryk bideokonferentziaz egin dau berba.
Dohaintzan jasotako artxibo bien zehetasunak azaldu ditue ekitaldian, XX. mendean euskaldunen historia ezagutzeko iturri bikainak diralako. Horrezaz gan, Jose Antonio Agirre lehendakariaren irudi eta filmazino batzuk erakutsi ditue, orain arte argitaratu bakoak. Hain zuzen be, Manuel de Ynchaustiren artxiboan egon dira irudiok gordeta.
Manuel de Ynchausti
Manuel de Ynchausti y Romeroren (Manila, 1900 – Uztaritze, 1961) artxiboa negozio-gizon eta filantropo euskaltzale horrek hainbat hamarkadatan batutako dokumentu-funtsa da. Eremu pribaduko dokumentuak, kultura eta politika arloetako interes publikoko dokumentuak eta, hirugarrenik, urtez urte arreta handiz antolaturiko gutun ugari dagoz. Euskadiko Artxibo Historikora heldu aurretik ehun bat kutxatan gordeta egon da funtsa, Uztaritzeko Intxausti Baita etxean.
Filipinetan jaio zan Ynchausti, eta Madrilera ikasten joan zanean ezagutu eban Leizaola familia. Horreen bidez, euskalzaletasunean eta abertzaletasunean sartu zan, eta Donostian biziten jarri zan, Gerra Zibilean Uztaritzera alde egin eban arte. Agirre lehendakariari laguntzen eta Gerratik iges egin eben umeei babesa emoten nabarmendu zan.
Bigarren Mundu Gerran Estadu Batuetatik egin eban lan euskal abertzaleen eta aliaduen alde. Uztaritzera bueltan, hil arte segidu eban politika eta kultura arloan ekinean. Eusko Ikaskuntzaren 1948ko eta 1954ko kongresuak antolatu zituan, Miarritzen eta Baionan, hurranez hurran.
Andrés de Irujo
Andrés de Irujo y Olloren (Lizarra, 1907 – Buenos Aires, 1993) artxiboa pasa dan astean heldu zan Bilbora, Argentinatik, María Elena Etcheverry alargunaren eta Xabier Irujo lobearen ekimenez. Berez, bost funts dira: Ekin argitaletxea (Andrés de Irujok eta Isaac López Mendizabalek 1941ean sortua); Eusko Lurra-Tierra Vasca aldizkaria (Andrésen anaia Peio Irujo izan zan azken zuzendaria); Instituto Americano de Estudios Vascos delakoa (Andrés de Irujo izan zan azken zuzendaria); Peio Irujoren artxibo personala; eta Andrés Irujoren beraren artxibo personala.
Argentinan batutakoak dira artxiboko elementu gehienak, Irujo hara erbesteratu zalako, baina Euskal Herriagaz oso lotuak. Ekin funtsak, esaterako, eskuz idatzitako jatorrizko dokumentu asko gordeten ditu, Agirre lehendakariarenak batzuk. Peio Irujoren artxiboetan Eusko Jaurlaritzearen jatorrizko agiri eta argazkiak identifikau dira, baita Andrés de Irujoren eta bere anaia Manuel de Irujoren dokumentuen karpetak be.
Andrés Irujo kultura sustatzaile garrantzitsua izan zan Gerra Zibilaren osteko erbestealdian. EAJko militante historiko, diputadu eta Justizia Ministroaren idazkari izana zan aurretik. Erbestera alde eginda, Eusko Jaurlaritzearen ordezkaria izan zen Frantzian.
Emazteagaz batera, lan garrantzitsua egin eban euskal kulturea eta nortasuna sustatzeko. Ekin argitaletxea eta Instituto Americano de Estudios Vascos sortu zituen. Ganera, ekarpen esanguratsuak egin eutsazan euskal historiografiari: Los Vascos y la República Española, Contribución a la Historia de la guerra civil 1936-1939 eta Los Vascos y las Cruzadas lanak idatzi zituan, besteak beste.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!