Bilborock-en lehenengo ekitaldia bagilaren 12an egingo da

Bizkaie! 2020-06-09 11:43   Pil-pilean

Amaia Miranda eta Verde Prato izango dira protagonista bagilaren 12an.

Musika Lokala udal programearen barruan, Amaia Miranda kantautore bizkaitarrak eta Verde Pratok musika-kontzertua eskainiko dabe 20:00etan hasita. Ekitaldietara hurreratzen diranek hainbat baldintza bete behar ditue: jesarrita egotea; gehienez be 80 persona sartzea; maskarea nahitaez erabiltea; gel hidroalkoholikoa jarri da hainbat lekutan; informazio-kartelak jarri dira gomendioei, debeku zein sarrera eta urteerako joan-etorriak kontroletako. Ekintza guztiak streamingen bidez emongo dira.

Bilboko Udalak hainbat jarduera antolatu ditu Bilborocken bagilerako, garagarrilerako, abuzturako eta irailerako, gazteak protagonista dirala eta eurentzat. Udalagaz modu koordinatuan egindako #BilbaoUda2020 ekimenaren barruko jarduerak dira, uda honetan urian kiroletako, kulturako eta musikako jarduerak izan daitezan.

Bagilaren 12an, barikuan, Udalaren Bilborock aretoan lehenengo ekitaldia egingo da hilaren 1ean instalazinoak barriro edegi zituenetik; Musika Lokala programearen barruan, Amaia Miranda kantautore bizkaitarrak eta Verde Pratok musika-kontzertua eskainiko dabe.


Musika Lokala

- Bagilaren 12an, 20:00etan hasita, sarrera librea, leku guztiak bete arte. Musika Lokala udal programeak Bilborock-eko eszenatokira igoteko aukerea emon deutse Amaia Mirandari eta Verde Pratori. Amaia Miranda gitarrista, konpositore, idazle eta argazkilaria da; Verde Prato, barriz, tekladuagaz, looper bategaz eta batez be ahotsagaz esperimentetan dauen proiektua da.

- Bagilaren 18an, eguenean, arratsaldeko 18:00etatik 20:30era, #BilbaoYouWeek lehiaketearen bosgarren edizinoa egingo da, COVID-19 osasun-krisiagaitik atzeratu behar izan zana. Kasu honetan, ateak zarratuta egingo da eta streaming bidez eskainiko da BilbaoGazte-ren youtubeko kanalean.

- Garagarrilarean 2an, eguenean, 19:00etatik 21:30era, sarrera librea leku guztiak bete arte. Imaginautak alkartea arte arteko kultur mobimentua da, era guztietako sorkuntza artistikoetarako topagune izan nahi dauena: literaturea, jantzak, pinturea, musika diseinua, besteak beste. Kontzertuak, musikoterapia, film laburrak, poesia, ilustrazinoa eta zuzeneko tatuajea izango dira.

- Garagarrilaren 4an, zapatuan, 20:00etatik aurrera Wicked Wizzard talde gonbidatua, Entropia laukote gazteiztarraren musika eta Wreck Totem hirukote bilbotarraren rock stonerra izango ditugu. Hiru kontzertu horreek Musika Lokala programaren barruan egingo dira. Gonbidapenak Wicked Wizzarden Facebook eta Instagram bidez banatuko dira.

- Garagarrilaren 24an, barikuan, 19:00etatik 23:00etara, sarrera librea leku guztiak bete arte. Bilborock Distart Festival egingo da. Lau neska bilbotarrek egindako jaialdi artistiko bat, emakume artista gazteek hainbat diziplina artistikotako esku-hartzeakaz: DJ, makillajea, argazkigintzea, pinturea, poesia eta tatuajea. Koronabirusak eragindako konfinamendu-garaian sortu zan proiektu hau.

- Abuztuaren 7an, barikuan, NIZE-ren kontertua, sarrera librea leku guztiak bete arte; hirukoteak joko du Bilborock aretoan: Andrea (gitarra eta ahotsa), Intza (bateria) eta Niko (baxua) dira.

- Irailaren 18an, barikuan, sarrera librea leku guztiak bete arte. Douleurdolor, Gomez Selava eta Mahoken musika esperimentazino proiektua eta Jaguabilly izango dira protagonista Bilborocken.

Informazino gehiago Bilbao Gazte-ren webgunean eta sare sozialetan.


Osasun-segurtasuneko neurriak

Segurtasun eta higiene-arauak errespetauko dira Bilborock-eko ekipamendu osoan.

Bertaratutakoek jesarrita egon beharko dabeute, eta gehienez, 80 lagunentzako lekua egongo da. Oraingoz, entsegu-gelak zarratuta egongo dira.

Ekipamenduaren barruan, maskarea erabiltea nahitaezkoa da bertaratzen diran guztientzat, artistentzat eta Bilborockeko langileentzat. Agertokian dagozan personek maskararik erabilten ez badabe, euren artean metro biko tartea itxi beharko dabe eta, beraz, agertokian, gehienez be, 5 persona egon ahal izango dira.

Neurri horreekaz batera, debekuak, gomendioak eta sartzeko eta urtetako neurriak ezarriko ditue. Gel hidroalkoholikoaren banagailuak jarri dira sarrerako atarian, kamerinoetan eta soinu nahiz eta argiztapeneko talde teknikoen eremuan. Bertaratutakoek komunak erabili ahal izango ditue, baina gehienez persona bat egon ahal izango da. Laguntza behar daben personen kasuan, laguntzaileagaz sartuko dira.

Garbiketa-lanak indartu egin dira gela guzti-guztietan, gainazalei arreta berezia emonez, batez be sarri ukututen diran leiho edo ateen heldulekuei, aulkiei eta antzekoei.

Barra zerbitzua zarratuta dago.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu