Hondartzako futboleko lehenengo zelaia egiteko proiektua iragarri dabe

Bizkaie! 2020-06-09 08:23   Kirola

Asmoen artean, Bizkaian emakumeen futbolerako prestakuntzarako laugarren zentroa martxan jartea dago.

Iñaki Gómez Mardones Bizkaiko Futbol Federazinoko (BFF) presidenteak iragarri dauenez, bere erakundea hondartzako futboleko Bizkaiko lehenengo zelaia eregiteko idearen bueltan dabil beharrean. Bizkaiko Batzar-etako taldeen aurrean egindako agerraldian, Bilboko Udalagaz eta Kirol zuzendaritzeagaz hartu-emonak dagozala azaldu dau, miloe bat euroko kostua izango leuken kirol azpiegiturea eregiteko.

2020-2024 epealdiari jagokon erakundearen lehenengo plan estrategikoan, etorkizuneko proiektuen artean, lurraldeko futbolaren agintariak futbol ibiltaria eta beteranoen futbol modalidadeei emongo jaken bultzadea be aitatu dau. Federazinoak epe laburrerako esku artean dituan barrikuntzen artean, Bizkaian emakumeen futbolerako prestakuntzarako laugarren zentroa martxan jartea dago. Zentro hori Enkarterriko herriren batean egongo litzateke.

Iñaki Gómez Mardones Bizkaiko Futbol Federazinoko presidentea lehenengoz etorri da Bizkaiko Batzar Nagusietara. Erakundeak urtarrilean eskatu eban etortea, aho batez, EH Bilduk egindako eskariaren ostean. Bizkaiko Foru Aldundiak lankidetzarako hitzarmenak sinatzen ditu federazino horregaz eta horregaitik, koalizino abertzaleak bertako ordezkari nagusia bertara etortea planteau eban, federazinoaren jarduerak eta gauzatzen dituan proiektuak azaltzeko. Gómez Mardonesek gogoratuarazo dau bera buru dan federazinoa zuzenbide pribaduko alkartea dala eta, ondorioz, bere erakundeak egiten dauen batzarrean emon behar dituala azalpenak. Dana dala, hori ez da oztopoa izan bere federazinoak egiten dauen lanaren balantzea Batzar Nagusietako taldeen aurrera ekarteko. Agerraldian, 2020. urtetik 2024. urtera bitarteko epealdia hartuko dauen Bizkaiko federazinoaren lehenengo plan estrategikoaren barri emon dau. 2019ko maiatzean hasi eta aurtengo urtarrilean amaitu zan gogoeta prozesuaren ondorioa da. Taldeek dokumentu horren kopia jaso dabe.

Iñaki Gómez Mardonesegaz batera Juan Luis Martín federazinoko mahaikidea etorri da. Emakumeen futbolari emoten jakon laguntzearen eta Zuzendaritza Batzordean emakumeek daben presentzia urriaren (emakume bakarra 21 kideren artean) ganean galdetuta, Martínek esan dau urtero, benetako lizentzia eta talde kopurua kontuan izanda jagokona baino diru gehiago bideratzen dala emakumeen futbolera. Emakumeek erabagiteko organuetan daben presentziari jagokonez, Martínek esan dau eurentzat oso pozgarria izango litzatekela emakume gehiago egotea: 'Esan egiten jake, baina eurak dira euren denpora horretara bideratu gura ez dabenak'.

Emakumeek Zuzendaritza Batzordean daben presentzia ia hutsa, azkenengo urteetan hazkunde garrantzitsua izan daben emakumeen futbolaren zenbakiakaz kontrajarten da: Federautako 2.500 fitxa dagoz, baina oraindino gizonezkoen 12.543 lizentzietatik nahiko urrun dagoz. Eskolako kirolari jagokonez, federazinoak 20.624 ume kontroletan ditu.

Orokorrean, Mardonesek azaldu dauenez, futbolak Bizkaian dituan alderdien artean aurrekontua banatzeko orduan, ikusi daiteke emakumeen futbolera bideratzen dana oso-oso zuzena dala. Ganera, presidenteak, federazinoa ekonomiaren ikuspegitik oso egoera onean dagola eta taldeen ganean karga txikiena jarten dauena dala esan dau, euro bi inguru fitxa bakotxeko.

Azken buruan, Guggenheim Museoa handitzeko proposamenaren harian, Ez dago ezer barririk adierazo dau Lorea Bilbao Euskera, Kultura eta Kiroletako foru diputaduak . Elkarrekin Bizkaiak egindako galdereari erantzunda, Bilbaok esan dau museoa handitzeko aukerea momentu honetan ez dagola mahai ganean, Covid-19ak sortutako egoerea dala eta. Egoerea normalizetan danean, museoaren plan estrategikoaren barruan dagoan proiektuari barriro ekiteko momentua izango da; dokumentu horrek patronatuaren oneretxia dauka.

 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu