Euskal pentsamenduaren historia liburu baten batu dau Joxe Azurmendik

Bizkaie! 2020-06-08 12:21   Kulturea

Erdi Arotik XX. mendera arteko errepaso mamintsua da.

Euskal Herriko pentsamenduaren historia batzen, arakatzen eta aztertzen ibili da aspaldiko urteotan Joxe Azurmendi (Zegama, 1941), hango eta hemengo informazinoa jaso eta osotasuna emoten. Hori guztia liburu bakarrean batu eta argitaratu dau orain, EHUren Joxe Azurmendi Katedrearen eta Jakinen lankidetzeari esker. Pentsamenduaren historia Euskal Herrian. Eskolaren eta gogoetaren lana gizaldiz gizaldi da izenburua, eta Ur-jauzia bildumearen lehenengo zenbakia da.

Hamabost mendeko errepaso sakona egiten dau Azurmendik liburuan, Erdi Aroaren hasieratik XX. mendera arte. Antonio Casado da Rocha EHUko Hedakuntza Zuzendariaren ustez, lan barriak hutsune nabarmen bat beteko dau, badagoalako ezagutzen ez dan euskal pentsamendu bat. Jakineko zuzendari Lorea Agirre bat dator: Lehen aldiz, Euskal Herrian azken hamabost mendeetan izan diran pentsalarien bildumea egin dau Azurmendik.

Liburua atontzen ibili da Jakineko erredakzino buru Xabier Eizagirre. Azaldu dauenez, Azurmendik luzaroan batutako informazinoa dakar lanak, euskal produkzino intelektualaren historia sistematikoaren ernamuina. Beraz, euskal pentsamenduaren entziklopediatzat jo leiteke. Ehundazak pentsalariren barri emoten dau, arlo guztietakoak: Filosofia, politikea, zientzia, teknikea, historia, artea, medikuntzea, erlijinoa... Hori guztia, sasoian sasoiko testuinguru sozial, kultural eta historikoa azalduta.

Denpora-tarte luzea hartzen dauenez, bost epetan banatu dau liburua Azurmendik, Erdi Aroaren hastapenetan hasi eta XIX. eta XX. mendean amaituta. Tartean dagoz Erdi Aroa, Aro Modernoa eta Ilustrazinoa.

Nazinoarteari horrenbeste begiratzen jakon honetan, ezin dogu ahaztu hemen, gurean bertan, nazinoarte mailako pentsalari bat dogula, adierazo dau EHUren Joxe Azurmendi Katedrako koordinatzaile Iñaki Zabaleta Gorrotxategik, Azurmendiri berari erreferentzia eginaz. Ezinbesteko ezaugarri bat dau liburu barriak, Zabaletaren ustez: Ezinezkoa da gurea izatea nahi dogun etorkizun bat irudikatzea, orain artean gurea zer izan dan irudikatu barik.

Argitalpen barriaren harira, sareko berbaldi zikloa antolatu dau EHUk. Ziklo horren barruan dago eguaztenean, hilak 10, egingo dabena (19:00), euskal pentsamenduaren iraganaren, orainaren eta geroaren ingurukoa, Azurmendiren liburuko edukietatik tiraka. Lorea Agirrek, Xabier Eizagirrek, Antonio Casadok eta Iñaki Zabaletak egingo dabe berba.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu