Udako jarduerak atondu ditue Bilboko gazteentzat

Bizkaie! 2020-06-08 11:03   Pil-pilean

Aisialdi aktiboa izango da #Gaztekluba Uda programearen oinarria.

Bilboko Udalak martxan jarri dau 12 eta 17 urte bitartekoentzako udako jardueren egitaraua, #Gaztekluba Uda goiburupean. Osasun larrialdiak programazino guztiak baldintzatu dituan arren, Udalak aukerea emon gura deutse uriko gazteei garagarrilean eta abuztuan aisialdi aktibo eta osasungarriaz disfrutau deien. Ahalik eta jente gehien animetako, jarduera edo tailer bakotxeko prezioa sinbolikoa izango da, euro bi.

Udako beroa aprobetxauta, Bilboko Itsasadarreko uretan olgau ahal izango dabe gazteek. Horretarako, paddle surf eta piragua ibilbideak antolatu ditue, Itsas Museotik Zubi Zurira. 120 plaza dagoz guztira, udako martitzen eta eguenetan egingo diran saioetarako.

Lehorrean ibili nahiago dauenak pedaldun kart-ak gidatu ahal izango ditu bidegorrietan, Areatzan hasi eta, Bilboko erdigunea zeharkatu eta gero, leku berean amaituko dan ibilaldian. Bestela, bizikletaz be egin ahal izango dira txangoak, Areatzatik Zorrotzaurreraino eta buelta.

Zorrotzaurren, hain zuzen, skate eskolea antolatuko dabe, garagarrilaren 10ean eta 17an. Danetara 30 plaza egongo dira, 15 egun bakotxean.

Jardueraren baten parte hartzeko interesa daben gazteek izena emon beharko dabe, bihar, bagilaren 9an hasita, eta 16ra arte, Bilbao Gazteren webgunean. Udalak azaldu dauenez, 390 plaza dagoz guztira.

Osasun egoerea gogoan, neurri bereziak hartuko ditue tailer eta ibilaldi guztietan. Jardueretarako erabiliko diran elementu guztiak (bizikletak, kart-ak, piraguak, paddlesurf, patinak, arraunak…) desinfektau egingo dira, erabilera bakotxaren aurretik eta ostean. Gazteek gel hidroalkoholikoa izango dabe momentu guztian eskura, eta beti metro biko tartea gorde beharko da parte-hartzaile guztien artean.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu