Garazi Sanchezen bideoa, Ozeanoen Munduko Egunean
2020-06-08 07:55 KirolaItsasoaren handitasuna ulertu eta errespetetearen aldeko mezua zabaltzea da asmoa.
Ozeanoen Munduko Eguna da gaur, eta Garazi Sanchez surflari bizkaitarrak hori aprobetxau dau Vergüenza filma aurkezteko. Sanchezen ekimenez sortutako pelikulea da, ozeanoen aberastasuna erakusteaz gan, gizakiak ingurumenean egiten dauen kalteaz kontzientzia zabaltzea helburu dauena. Atzo, domekea, ipini eban sareetan, eta 36 orduz ikusi ahal izango da, gaurko eguna amaitu arte. Ikusi film osoa hemen.
Pelayo Salinas itsas-biologoagaz ozeanoen egoeraz berbetan nengoan egun baten, jaubetu nintzan oinarrizko gauza asko ez nebazala ezagutzen, eta lotsea emon eustan, azaldu dau Garazi Sanchezek sare sozialetan, dokumentala egiteko asmoa zelan sortu jakon gogoratzeko. Nire ingurune naturala dan elementuaz neukan ezjakintasunaren aurrean jarri ninduan alkarrizketa harek, ozeanoez gitxi nekiala onartzeari uko egin neutsan egun batzuez.
Azkenean, beste alde batera begiratzeari itxi, eta ozeanoak hobeto ezagutzea erabagi eban. Ozeanoetako errealidadearen zati bat, gitxienez, ulertzen ahalegintzea pentsau neban, nire bizimodua ezagutzearen bidez aldatzea posible ete zan jakin nahi neban, kontraesanak kontraesan.
Produktorea ez eze, zuzendaria be izan da Garazi Sanchez Vergüenza filmean, Iker Elorrietaren laguntzinoagaz. Ocean 52 enpresea eta Getxoko Udala dira babesleak. Itsaso azpiko planoak zein bestelako irudiak hartzen Sergio Villalba eta Juan Labad adituak ibili dira.
Protagonistak Garazi Sanchez eta ozeanoagaz dauen lotura berezia diran arren, adituen eretxia be entzun leiteke dokumentalean. Ocean 52ko sortzaile Santi Mier agiri da berbetan, Imanol Zubero soziologoa, Laura Vozmediano psikologoa eta beste batzuk be bai. Hareekaz berba eginda, Sanchezek bere burua kokatu nahi dau ozeanoaren handitasunean. Eurei esker, nire kontraesanak topetako bidaia egin dot.
Filma ikustera animau ditu Sanchezek jarraitzaile guztiak: Nik egiten disfrutau dodan beste disfrutau deizuela ikusten.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!