Mendizaleek Txosnaganera igoera birtuala egin dabe
2020-06-08 09:39 Pil-pileanGinkana bat izango da ordezko fisikoa bagilaren azken astegoienean.
Bilboko Konparsak taldeak Txosnagane Mendi-igoerearen VIII. ekitaldiari ekin deutse aurten be, joandako zapatuan. Gainera, Txosnaginkane I. Orientazino-ibilbidearen izen-emotea zabalduko dabe, astelehenean, bagilaren 8an, izan be, aurten, ohiko ibilaldi neurtua modu birtualean egin dabe konparsek, Covid 19ko pandemiak sortutako egoereagaitiketa, esangura horretan, hainbat parte-hartzailek konfinamendu-sasoian bialdutako irudiakaz bideo bat kaleratu dabe. Ikusi bideoa hemen.
TxosnagINKANe orientazino-ibilbidea
Bilboko Konpartsak-ek alternatiba ez birtuala programau dabe bagilaren 26an, 27an eta 28an, Atxurigorri, Bolintxu Bizirik, Kalderapeko taberna eta Iralako eta Bilbo Zaharreko jai batzordeakaz alkarlanean.
Jarduerea ez lehiakorra izango da, osasun-erispideak eta alkar jagote oinarri hartuta. Bilboko Konparsek azaldu dabenez, ekintzearen helburua Bilbo inguruko mendi eta natura espazioak ezagutzea eta disfrutetea da, modu libre eta arduratsu. Horregaitik, parte-hartzaile guztiei dei egin deutse jarraibideei kasu egiteko, danon osasuna bermatzeko eta ingurumena errespetetako.
Txosnagane mendiaren inguruko ginkanak ibilbide bi izango ditu norberak hautatzeko eta horreen barruan hiru zirkuitu izango dira, zozketan egokituko diranak. Edozein kasuan, topetako hamaika objektu izango dira: Biderik luzeenak izango ditu 19,17 kilometro eta 967 metroko desnibel positiboa; eta laburrenak, 13,60 kilometro eta 582 metroko desnibel positiboa.
Astelehenean edegiko dabe izen-emotea eta bagilaren 24ra arte bete ahal izango da, Bilboko Konpartsen webgunean: Bilbokokonpartsak.eus.
Norberaren ibilbidea eta lagungarriak ezagutzeko ezinbestekoa izango da aurretik izena epearen barruan emotea, izan be, bagilaren 25ean ginkana egiteko informazino dana bialduko jake izena emon dabenei, tartean parte-hartzaile bakotxari egokituko jakon ibilbide zehaztua eta topau beharreko elementuen zerrendea. Bakotxak erabagiko dau bagilaren 26tik 28ra zein egunetan eta orduan igongo dauen mendira, jagokozan objektuen bila joateko. Topauko dauen elementu bakotxagaz selfie bat atera behar izango deu eta amaitu ondoren, Bilboko Konparsei bialdu, bagilaren 30a baino lehen. Konparsek irabazleen barri emongo dabe garagarrilaren 1ean. Ginkanak sari bi izango ditu, biak zozketa bidez emongo diranak: Kalderapeko tabernan afaltzeko edo bazkaltzeko txartela, objektu danak topauko dituenen artean; eta aurrerago jakinarazoko da sari herrikoia, parte-hartzaile danen artean.
Osasun-neurriak
Antolatzaileek ahalegin handia egin dabe jente-piloketak ebitetako neurriak hartzen; holan, ekimena hiru egun eta dozenaka orduan banatu dabe, parte-hartzaile bakotxak gurago dauen momentuan egiteko, gainera. Hiru zirkuitu ezbardin atondu eta hasiera eta amaiera puntuak ezbardinak izango ditue, ezelako puntu estatikorik barik.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!