Datorren urtean Errenta Autorpenaren zirriborroa zergadun guztiei egingo deutse
2020-06-05 08:28 KultureaOgasunak iruzur fiskaleko 504 milioi euro azaleratu ebazan 2019an.
Bizkaiko Ogasuna, datorren urtetik aurrera, errenta autorpenaren zirriborroa Bizkaiko zergadun guztiei bialtzeko aukerea emongo dauen garapen teknologikoan dabil beharrean. José María Iruarrizaga Ogasun eta Finantzetako Foru Diputaduak iragarri dau jarduera ekonomikoen errendimenduen kontrolerako sistema integrala ezartzeko Foru Arau Proiektu. Arau horrek, zerga betebeharrak betetea errazteko neurriak ezarriko ditu, 2022ko urtarrilaren 1etik aurrera derrigorrezkoa izango dan BATUZ proiektuaren bitartez.
Iruarrizagak azaldu dauenez, Errenta autorpena sistema bakarra erabilita egin beharko da. Sistema horrek kanal barri bi izango ditu, webgunea eta aplikazino mobikorra. Probetan gabizen eta diseinu erraza eta intuitiboa daukan proiektu pilotoak Ogasunaren eta zergadunaren artean egin behar diran jakinarazpenak eta komunikazinoak ezarteko aukerea emongo dau, NAN elektronikoaren edo daborduko Osakidetzan erabilten danaren moduko BAK identifikazinoaren bitartez. Egun, Errenta autorpena eginda bialtzen jake zergadunen erdiari baino gehiagori, eta autorpenaren emoitzea itzultzekoa bada, Bizkaiko Ogasuna maiatzean hasten da itzulketak egiten. Datorren urtean, Bizkaiko ogasunak hilebete aurreratu gura ditu itzulketa horreek.
Foru diputadua Bizkaiko Batzarretako Ogasun eta Finantzetako batzordearen aurrera etorri da, Soziedadeen Zergeari, Ez Egoiliarren Errentearen ganeko Zergeari, Persona Fisikoen Errentearen ganeko Zergeari, Ondarearen ganeko Zergeari eta Zergen ganeko Foru Arau Orokorrari jagokezan foru arauen aldaketea defendiduteko. Aldaketok beharrezkoak dira 2022an oso-osorik zabalduko dan BATUZ proiektua aurrera eroateko. Aurreikusi baino urtebete geroago zabalduko da, Covid-19aren eragina dala eta.
Batzarretako talde guztiak bat etorri dira BATUZ proiektuaren helburuakaz, horreen artean, zergadunei emoten jaken arretea hobetzea eta iruzur fiskalaren kontrako neurri barriak apliketea dagoz. Dana dala, EH Bilduk eta Elkarrekin Bizkaiak kritikau egin dabe sistemearen ezarpenean gizonen eta emakumeen artean dagon arrakala digitala kontuan hartu ez izana.
Aurtengo urritik aurrera, egokitzen joateko borondatezkoa izango dan BATUZ ereduak, aldaketa garrantzitsuak ditu, Azpimarragarriena, zergadunek neurri teknologiko aurreratuak erabili behar izatea da. Horrek, salmentak gorde-gordeka ibiltea ebitetan dau, jarduera ekonomikoen errendimenduen kontrolerako TicketBAI izeneko sistema integralaren bitartez.
Arauzko testuaren aurkezpenean, Ogasun eta Finantzetako foru diputatuak azaldu dauenez, jarduera ekonomikoak egiten dituen persona guztiek, fisikoek edo juridikoek, TicketBAI eskakizunak beteko dituan fakturazinorako softwarea erabili beharko dabe. Hiru foru ogasunek eta Eusko Jaurlaritzeak landutako software horrek enkriptauta dagoan eta salmentak ezkutetea ebietan dauen QR kode bat sartuko dau faktura bakotxean. Kode horren bitartez, konsumitzaileak bere fakturea Ogasunean aurkeztu dan ala ez jakin ahal izango dau.
BATUZ sistemea 140 eta 240 ereduetan be oinarrituko da. Egun, autonomoek zezeilean bete behar daben lehenengoa hiru hilebetez behin bialdu beharko da 2022tik aurrera. Eta barria izango dan 240 eredua enpresa guztiek aurkeztu beharko dabe, egunero, hilero edo hiru hilebetean behin, enpresearen neurriaren arabera.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!